EITB ALBISTEGIAK
EITBk albiste jarraipen zabala egingo du konklabeari buruz, eta Erromatik berri emango du
EITB Media
EITBko hedabideek oso gertutik jarraituko dute Vatikanoan zer gertatzen den, bertara joandako profesionalen eskutik. Kapera Sistinoaren tximiniatik ke zuria atera orduko, saio bereziak egingo dituzte, eta zuzenean emango dituzte aita santu berriaren lehen hitzak.
EITBko lantalde zabala arituko da egunotan Vatikanotik
Informazioan eta zerbitzu publikoan erreferente izatearen konpromisoari eutsiz, EITBren hedabideak Erroman izango dira asteazken honetatik aurrera, Francisco ordezkatuko duen aita santua aukeratzeko konklabearen berri emateko. Vatikanora joandako berriemaile bereziek gertatzen den guztiaren kontakizuna egingo dute, Kapera Sistinoko tximiniatik ke zuria atera bitartean. Une hori zuzenean jarraitu ahal izango da telebista, irrati zein Internet bidez, baita aita santu hautatu berriaren lehen hitzak ere.
ETBko albistegiek Eli Lizundia eta Aintzane Bolinaga izango dituzte berriemaile Erroman, eta aita santu berria aukeratzen dutenean, ohiko programazioa eten eta albistegi bereziak egingo dira ETB1en eta ETB2n. Egun horretan bertan, gainera, beste saio bat egingo da gaueko "Teleberri" albistegiaren ostean, Juan Carlos Etxeberriaren eskutik, analisi-mahai batekin.
Euskadi Irratian, Iñaki Guridik gidatuta "Faktoria" albistegi berezia egingo du ostegunean San Petri plazatik, eta Eliza Katolikoak dituen erronkak aztertuko ditu. Elizak Euskal Herriarekin izan duen lotura, nazioarteko diplomazia lanetan duen pisua… Ertz askotatik begiratuta egingo dute analisia. Maite Artola ere Erroman egongo da, eta handik hasiko du "Goizak Gaur" albistegia konklabearen egunetan. Eurekin, Imanol de la Varga kazetaria eta Xabier Gallastegi teknikaria egongo dira.
Radio Euskadiko albistegi eta irratsaio nagusietan etengabeko hartu-emana izango dute Erromara joandako hiru kazetariekin: Izaro Baza, Ederne Frontela eta Txabi Segovia.