Euskal fikzioa
Eskuragarri daude "Desagertuta" PRIMERANeko fikzio berriaren aurrestreinaldirako gonbidapenak
Aurkezpen handia maiatzaren 19an, PRIMERANen estreinatuko den egunean, izango da, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan. Gonbidapenak gaurdanik daude eskuragarri EITBrekin batera ekitaldiaren antolatzaile den Crossover jaialdiaren webgunean.
"Desagertuta" telesaila maiatzaren 19an estreinatuko da PRIMERANen
EITBren parte-hartzearekin PRIMERANerako sortu den "Desagertuta" telesail berriaren aurrestreinaldirako gonbidapenak eskuragarri dira dagoeneko. Aurrestreinaldia maiatzaren 19an egingo da, PRIMERANen estreinatuko den egun berean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan. Gonbidapenak Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Crossover telesailen jaialdiko webgunean lortu daitezke. EITBrekin batera, ekitaldia antolatu du Crosoverrek.
Euskal ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko helburu estrategikoaren barruan, EITBk deialdi berezia egin zuen 2023an, gazteei zuzendutako eta euskaraz grabatutako fikzio serieak identifikatzeko. Deialdi hartako lehen emaitza da "Desagertuta" hain zuzen ere. "Desagertuta" AIE, Pausoka eta Zebra Producciones (Grupo iZen) ekoiztetxeek egin dute elkarlanean. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du.
Zortzi atalez osatutako ekoizpena da "Desagertuta", eta Xabi Zabaleta eta Marta Grau Rafel (Pausoka) dira sortzaileak. Ekoizpen berritzailea da, euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean grabatu baita. Gaztelaniazko bertsioa maiatzaren 21ean estreinatuko da Netflix plataforman.
Jon (Jon Lukas) gaztearen desagerpen misteriotsua du oinarri telesailak. Lagunekin batera gaua mendian pasa ostean, inork ez du haren berri. Pista bakarra dute: sare sozialetan argitaratutako bideo kezkagarri bat; birala egin eta denetariko espekulazioak zabalduko ditu. Jonen lagun baten amak, Maitek (Itziar Atienza), zuzenduko du polizia-ikerketa, eta, berehala, gazteen lagunarteko ezkutuko hainbat sekretu ezagutzera emango dira. Jon Lukasekin batera, talentu handiko beste hainbat aktore gazte ikusiko ditugu: Ane Rot, Ainhoa Larrañaga, Asier Rikarte, Ainhoa Azpitarte, Unai Arana eta Julen Taboada. Haiekin batera, Gorka Otxoa eta Jon Olivares aktore beteranoek hartu dute parte.