Itxi

Maiatzak 22

GEMA Europe Summit & Awards nazioarteko hitzordu handia, Euskadin, EITBren eskutik

EITB

Leer en Castellano

Entretenimendu-marketinaren Oscar sari gisa definitzen dituzte askok, eta aurten EITBk antolatzen du mundu mailako ekitaldi entzutetsu hau, GEMA (Global Entertainment Marketing Academy of Arts & Sciences) akademiarekin lankidetzan. Donostiako Tabakaleran izango dira hitzaldiak eta sari banaketa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nazioarteko ikus-entzunezko sormen izen handiek hitzordua dute ostegun honetan (maiatzak 22) Euskadin, EITBren eskutik. Izan ere, Global Entertainment Marketing Academy of Arts & Sciences erakundeak (GEMA) eta EITBk GEMA Europe Entertainment Marketing + Creative Summit 2025 ekimen handia egingo dute Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Bezperan, harrera ofiziala egin zieten Donostiako udaletxean. Eneko Goia alkateak, Unai Iparragirre ETBren zuzendariak eta Stacey Lacotera GEMAren presidenteak parte hartu zuten.

Donostiako udaletxeko harrera ekitaldia

Erreferentziazko nazioarteko ekitaldi honen xedea da berrikuntza piztea, sormena bultzatzea eta entretenimendu-marketineko liderren arteko lotura estrategikoak sustatzea. Bi bloketan banatuko da osteguneko jardunaldia: hitzaldiak 09:30etik 17:45era; eta GEMA Awards sari entzutetsuen banaketa-ekitaldia, 19:30ean. Patio aretoan izango dira hitzordu guztiak.

Evan Shapiroren hitzaldiarekin hasiko da jardunaldia, Entertainment marketing uncharted: a strategic deep dive izeneko solasaldiarekin.

YouTuberi buruzko saio bat ere izango dugu, Marion Ranchet (Streaming Made Easy), Pilar Sanchez (YouTube), Blanca Rabena (2btube) eta Graham Haigh (Zoo 55, ITV Studios) adituekin.

Biltzarra Seb Lester artistari egingo zaion GEMA Master of Craft aitorpenarekin bukatuko da. Lesterrek, gainera, Designing for the Stars aurkeztuko du, NASAren misio espazial baterako logoa sortzeari buruzko hitzaldia.  

Jardunaldia amaitzeko, GEMA Awards Europe 2025 sariak banatuko dira, Europa mailan telebista- eta streaming-marketineko ekimen berritzaileenak saritzeko. Nerea Reparazek aurkeztuko du ekitaldia, 19:30etik aurrera.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)