EITB TALDEA
ETB1 eta ETB2 UHD erresoluzioan daude ikusgai, HbbTV streaming euskarriaren bidez
EITB Media
Zerbitzu berriak aukera ematen du seinalea gaur egun dagoen kalitate onenean jasotzeko eta irudian orain arte nabarmendu ez diren xehetasunak ikusteko, batez ere ekoizpen propioko eduki ikusgarrietan, hala nola kiroletan (arrauna, pilota) edo kontzertuetan.
Orain arteko botoi gorriari eta horiari hirugarren bat batu zaie, urdin kolorekoa
EITBk beste urrats bat eman du berrikuntza teknologikoaren esparruan, bere emanaldiek ahalik eta seinale-kalitate handiena izan dezaten. Euskarriarekin bateragarriak diren Internetera konektatutako telebistetan, ETB1eko eta ETB2ko seinalea UHDn jaso daiteke. HbbTV teknologiaren (Hybrid Broadcast Broadband TV, ohiko emisioen eta banda zabaleko zerbitzuen arteko bateraketa) streaming zerbitzuak ahalbidetu du hori.
HbbTVren Hook-aren menuan (pantailaren ezkerraldean) agertuko zaigu aipatutako aukera segundu batzuez. Euskarriaren abantailez gozatu ahal izango dugu kanalez aldatzen ez dugun bitartean.
Orain arteko botoi gorriari (EITBko plataforma digitaletara sartzeko) eta botoi horiari (programa hasieratik ikusteko) hirugarren bat batu zaie, urdin kolorekoa. ETB1 eta ETB2 kanaletan gaudenean agertuko zaigu soilik, eta telebistako mandoaren bitartez aukeratuko dugu, UHD erresoluzioa duen streaming edukira jo nahi badugu. Behin aukeraketa eginda, UHD marka agertuko zaigu pantailan, HD emisiotik bereizteko.
UHD marka, emanaldi batean
Botoi urdin horretan, gainera, beste aukera gehigarriak agertu daitezke, edukiaren arabera: estropaden emanaldietan, esaterako, traineruetan kokatutako kamera txikien irudiak.