Bilbao BBK Live 2017
BBK Live 2017 jaialdian ezingo da eskudirutan ordaindu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eskumuturreko adimendun batekin egingo dira ordainketak jaialdian, eta hura webgunean edo app ofizialean kargatu ahalko da.
Bilbao BBK Live 2017 jaialdian ezingo da eskudirutan ordaindu, eskumuturreko adimendun batekin baizik, antolatzaileek iragarri dutenez.
Horrela, jaialdiko erosketak (edariak, merchandaising produktuak, janaria…) eskua mugituz ordaindu ahalko dira, cashless teknologiari esker.
Erabiltzaileek jaialdiko webgunean edo app ofizialean kargatu ahalko dute eskumuturrekoa, jaialdia hasi baino lehen ere. Dena dela, BBK Liven postuak egongo dira, bertatik ere kargatu ahal izateko.
Jaialdiaren ostean, dirua berreskuratu ahal izango da eskumuturrekoan sobratu bada.
Antolatzaileek gomendatu dute jaialdia hasi baino lehen kargatzea eskumuturrekoa, ondoren ilara luzeak ez sortzeko. Horrela, gainera, nahi duena dirurik gabe edo kreditu txartelik gabe joan ahalko da kontzertuez gozatzera.
Eskumuturreko adimendunak RFID/NFC txip bat izango du, eta, horrela, eskua irakurgailu batean pasatuz izango da posible ordaintzea. Jaialdiaren espazioan sartzeko edo handik irteteko ere erabiliko da.
Eskumuturrekoan 50 euro kargatuko duten lehen 1.000 pertsonek zenbait opari jasoko dituzte: kirol-jertse bat, eguzki-betaurreko batzuk, taza bat eta slipmat bat.