Kargatzen...
Itxi

Uztailaren 12tik 14ra

120.000 lagun eta 96 kontzertu, Bilbao BBK Live jaialdiaren hamahirugarren edizioan

AGENTZIAK

Leer en Castellano

Florence and The Machine, The XX eta Gorillaz izango dira aurten protagonista nagusiak. Dagoeneko agortuta daude ostegunean hasiko den jaialdirako 30.000 bonuak.

Bilbao BBK Live 2017. Argazkia. Tom Hagen

Uztailaren 12tik 14ra egingo dute Bilbao BBK Live jaialdiaren XIII. edizioa. 96 talde eta bakarlari (iaz baino 26 gehiago) arituko dira aurten bertan zazpi agertokitan (2017an baino bi gehiago), eta guztira 120.000 lagun bilduko dira Kobeta mendian, ostegunetik aurrera.

Florence and The Machine (osteguna), The XX (ostirala) eta Gorillaz (larunbata) dira aurtengo kartelburuak, eta hauek ere igoko dira agertokietako batera: Alt-J, The Chemical Brothers, My Bloody Valentine, Childish Gambino (Donald Glover aktorearen proiektua), Noel Gallagher (Oasis), David Byrne, King Gizzard & The Lizard Wizard, Parquet Courts, Benjamin Clementine, Fischerspooner, James eta Cigarettes After Sex.

Euskal musikak ere izango du lekurik Bilboko musika jaialdi ezagunenean. Iseo & Dodosound, Cecilia Payne, Hakima Flissi, Ibon Errazkin, Lukiek, Rural Zombies, Pet Fennec, Borrokan eta Aneguria dira, hain zuzen, aurtengo apustuak.

 

 

Esan bezala, duela egun batzuk agortu ziren hiru egunerako bonuak, nahiz eta inoizko garestien saldu diren: 160 euroan. Kanpalekuan lo egiteko ere ez da lekurik geratzen.

Antolatzaileen esanetan, "musika proposamen eta publiko berria bilatzea eta horiexek gaztetzea da jaialdiaren helburua". Ildo horretan, gogorarazi dute aurten joko duten bost talde soilik egon direla aurretik BBK Liven.

Ikusleen profil aldaketari dagokionez, Kobeta mendira geroz eta gazte gehiago gerturatzen direla adierazi dute: "Duela lau urte 35 eta 40 urteko gizonek 'agintzen' zuten; aitzitik, gaur egun 25 eta 27 urteko emakumezkoak dira nagusi". Izan ere, iaz publikoaren % 54 emakumeak ziren.

Aldaketa logistikoak

Edizio honek berritasun logistikoak dakartza. Autobusera igo baino lehen eskuratu beharko dute eskumuturrekoa jaialdira doazen zale guztiek. Horretarako, BECen eta San Mamesen postu bana jarriko dituzte, eta eskumuturrekoak jasotzeko aukera egongo da bertan.

Horrez gain, Diego Lopez de Haro kale nagusian, 21. zenbakian, 11:00etatik 20:00etara, izango dute eskumuturrekoak hartzeko aukera gaur bertan jaialdira doazenek.

Gune berriak

Bi gune berri estreinatu ditu Bilbao BBK Livek: Firestone, talde berriei zuzendutakoa, eta Lasai (Basoa ondoan), musika lasaia ardatz izango duena.

Aipatzekoa da, halaber, kanpalekuan aisialdirako jarduerak antolatuko dituztela: kontzertuak eta disko-jartzaileak eta yoga saioak, esaterako.

Hori gutxi ez eta, Bereziak zikloaren barruan Bilbo erdigunean egingo dituzten kontzertuek bi agertoki berri izango dituzte: Isozaki dorreak eta San Mames ingurua.

Eskumuturreko adimendunak

Beste behin ere, debekatuta egongo da eskudirutan ordaintzea. Horrela, eskumuturreko adimenduna erabiliz egin beharko dituzte ordainketa guztiak BBK Livera doazenek, bai merchandisinga zein janaria eta edaria erosteko.

Internet bidez edota Kobeta mendian bertan bete daitezke diruz eskumuturreko horiek.

Eraso sexistarik ez

Last Tourrek eta Bilboko Udalak eraso sexisten aurkako kanpaina abiatuko dute aurten ere, "Ez beti da Ez" leloari eutsita. Erasoren bat jasanez gero nora deitu behar duten eta zein jarrera hartu behar duten azalduko zaie bisitariei kanpaina horretan.

Birziklapen solidarioa

Bestalde, Bilbao BBK Livek eta Red Zierbena Sareak egitasmo solidario bat jarri dute martxan, eta bertan parte hartzeko deia egin diete bisitari guztiei. Bilbao BBK Live jaialdian erabiltzen diren kanpin-dendak, lo-zakuak, koltxonetak edo bestelakoak kanpalekuan horretarako propio jarriko dituzten lekuetan uztea nahi dute horrela, gerora berrerabili ahal izateko.

Albisteak (7)