Gadgetak
iPhone 6a ordezkatu dezaketen mugikorrak
X.U.
Miramon
Apple etxearen telefonoa oso garesti salduko denez, ordezko telefonoen bila hasi gara, eta gailu interesgarriak topatu ditugula esan dezakegu. Eman begirada bat.
XIAOMI MI4
Txinako Apple ezizenaz ezagutzen da Xiaomi konpainia, eta azken hilabeteetan gurean ere ezagun egin da. Mi4 gailua kaleratu berri du; goi mailako telefono bat, 252-340 euroan.
5 hazbeteko pantaila eta iPhoneek baino bereizmen handiagoa, 13 megapixeleko kamera, 3 gigako memoria… Oso interesgarria. Puntu txar bat nabarmentzeko: azken informazioen arabera, ez da bateragarria izango Europako 4G konexioekin
ONEPLUS ONE
Pantaila handia, bereizmen handikoa, eta, horrez gain, sistema eragile landua ere eskaintzen digute gailu honetan. Txinan egin, baina Ameriketako Estatu Batuetatik banatzen dute. 250-300 euroren truke eskuratu daiteke.
Arazo bakarra dago; eskuratzeko zaila dela, gonbidapen bidez egiten delako. Baina adi egon, hori urrian aldatuko baita eta edonork edonondik erosi ahal izango baitu.
SONY XPERIA Z3
500 euroren truke eros daiteke, eta 4,6 hazbeteko pantaila (HD) du. 20 megapixeleko kamera du eta egun 5 hazbete baino gutxiago dituzten telefonoetan ahaltsuena dela esan dezakegu. Eta, beti bezala, urpean argazkiak ateratzeko ere balioko digu, azken Xperia Z modeloek bezala.
SAMSUNG GALAXY ALPHA
iPhone 6ari aurre egiteko sortu den gailua da. 5 hazbete baino gutxiago ditu, baina HD formatuan arituko da. Beste alde on bat nabarmentzekotan, horren kontsumo txikia aipatu beharko genuke; berrikuntza gehien alor horretan egin dituzte.
Eta lehen aldiz Samsung Galaxy batean, horren kanpoaldea metalezkoa izango da. 650 euroren truke jarri berri dute dendetan salgai.
GOOGLE NEXUS 5
Badira hilabete batzuk merkatuan dagoela, baina oraindik interesgarria iruditzen zaigu, eta, horren ondorengoa iritsi bitartean, interesgarria izan daiteke. 300 eurotan, goi mailako sakelako bat eros dezakegu.
5 hazbeteko pantaila, 2 gigako memoria eta 8 megapixeleko kamera. Azken hau izango litzateke horren puntu txarra, bateria kontsumoarekin batera. Onena, aldiz, Android bertsio berriak iristean sistema eragileak berritzen lehena izan ohi dela. Eta Android L iristear dago.
MOTOROLA MOTO X 2014
Hello Moto! Hilda zegoela uste genuen, baina urtebetean Motorolak uste horiek alde batera utzi ditu. Eta urtebete baino gutxiagoan bere goi mailako gailua berritu du.
5,2 hazbeteko pantaila, prozesadore azkarra eta 13 megapixeleko kamera. Kanpotik ere itxura berritu diote. Datorren astean jarriko dute salgai, 500 eurotan.