Uztailaren 23tik aurrera
Internetek segundoko 40 gigako abiadura izango du Euskal Encounterren
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
23. ediziorako sarrera guztiak agortuta daude. Guztira, 4.096 lagun bilduko dira Barakaldon, uztailaren 23tik aurrera.
Uztailaren 23tik 26ra egingo dute aurten Euskal Encounter topaketa Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan. Internetek segundoko 40 gigabyteko abiadura izango du bertan.
23. edizio honek ordu erdian agortu zituen topaketan parte hartu nahi zutenei zuzendutako 4.096 lekuak, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Euskaltel Konektak antolatu du Euskal Encounter, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa sustatzeko helburuarekin, betiere, informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) baitan.
Hori horrela, edizio honetan segundoko 40 gigabyteko abiadura izango dute parte-hartzaileek nabigatzeko; hots, iazko abiaduraren bikoitza. Beraz, "munduko ekimen azkarrenen artean" kokatuko da.
Hitzaldiak ere egongo dira, besteak beste, gai hauen ingurukoak: domotika, 3D inprimagailuen bidez burututako ongintzazko ekimenak, robotika, bideo-jokoak eta hezkuntza. Halaber, teknologia proiektuak garatu nahi dituztenei zuzendutako prestakuntza egongo da.
Horrekin guztiarekin lotuta, Gaztea irratiak FIFA bideo-jokoaren euskal lehiaketa egingo du.