Talde edo bakarlaria
Talde edo bakarlari onena: Belako, Izaro, Zetak eta Gatibu
Gaztea
Azaroaren 3tik aurrera abiatuko da bozketa Gaztearen webgunean. Irabazlea azaroaren 26ko galan jakingo dugu.
Gaztea Sariak bueltan dira aurten, eta lanean ari gara buru-belarri antolakuntzan. Guztira, hamar kategoria sarituko ditugu. Lehenik eta behin, "Talde edo bakarlari onena" atalean izendatu ditugun laurak zein diren jakinaraziko dizuegu. Bozketa azaroaren 3an ipiniko dugu martxan webgunean. Beraz, adi eta hasi zuen kinielak egiten!
1. Belako
2012. urtean Maketa Lehiaketa irabazi zuenetik, Belako talde bizkaitarraren ibilbideak ez du etenik izan. Eurie (2013), Hamen (2016), Render Me Numb (2016) eta Trivial Violence (2018) diskoen ostean, Plastic Drama aurkeztu berri dute mungiarrek. Bestesak beste, "Truth" eta "All Nerve" abestiek osatzen dute proiektu berria.
2. Izaro
Izaro Andres mallabitarra urtarrilean kaleratutako Limones en Invierno diskoa aurkezteko biran dabil orain, udaberrian atzeratu behar izan zituen zuzenekoak errekuperatzeko asmoz. Xoel Lopezekin elkarlanean egindako "Invierno a la Vista" piezarekin estreinatu zuen diskoa, eta ondoren etorri dira dagoeneko arrakasta bilakatu diren "Paris", "Libre" eta "Hainbeste" proposamenak.
Zetak
Pello Reparazek 2019an sortu zuen Zetak proiektua. Vendetta atzean utzita, doinu elektronikoak lantzen ditu arbizuarrak orain. "Errepidean" horren adibide arrakastatsu bat besterik ez da. Milioika erreprodukzio izan zituen sarean estreinatu bezain laster. Horrez gain, Gaztearen 30. urteurrenean ere zuzen-zuzenean hartu du parte Zetakek. Izan ere, hark sinatu du "Hegan" abestia, Gazteari egindako oparia.
Gatibu
Alex Sarduik eta konpainiak osatu dute "Talde edo bakarlari onena" kategorian izendatutakoen zerrenda. Gazteak 30 urte bete ditu aurten, baina bizkaitarrentzat ere urte esanguratsua da 2020a, 20 urte bete baitituzte Gatiburen melodiak oholtzaz oholtza eskaintzen. Hori dela eta, bideoklip berezia estreinatu zuten "Bixotzetik" abestiarekin. Agertokian ere ospatu nahi izan zuten martxoan, Bilbon antolatutako kontzertu handi batekin, baina, pandemiaren ondorioz, urtebete atzeratu dute.