Itxi

Biarritzen, uztailean

Johnny Hallyday Big Festival jaialdiaren hurrengo edizioan arituko da

L.Z. | eitb.eus

Frantzian rock musikaren ikono den abeslari eta aktore paristarra, Aguilera estadioan arituko da uztailaren 17an. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

2015eko uztailaren 15etik 19ra egingo dute Biarritzeko Big Festivalen hurrengo edizioa, eta antolatzaileek sare sozialen bidez zabaldu dutenez, Johnny Hallyday kantaria han arituko da, jaialdiaren hirugarren egunean.

Betidanik Elvis Presley abeslariarekin parekatu izan dute Hallyday, eta urteekin Frantziako musikan mito bihurtzea lortu du.

50 urteko ibilbide luzean, estudioko 46 lan argitaratu eta platinozko 18 disko eskuratu ditu. Guztira, 100 milioi disko saldu ditu.

Une honetan esku artean duen proiektuak azaroaren 17an ikusiko du argia, eta han jasotako kantuak Biarritzeko agertokira eramango ditu datorren urteko udan.

Sarrerak

Johnny Hallyday kartelburu izango duen jaialdiko kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko. Hiru motatako txartelak eros daitezke: Johnny Hallydayk joko duen gauerako sarrera (68 euro), Aguilerako bi gauetarako, uztailaren 17 eta 18rako, txartela (100 euro) eta Big Festival Promo bonua, 105 euroren truke jaialdiko areto guztietan sartzeko aukera emango duena.