Kargatzen...
Itxi

Nobedadeak

System of a Down taldea disko berria prestatzen dabil

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Shavo Odadjian taldeko bateria-jotzaileak esan duenez, "abesti batzuk idatzi ditugu", baina oraindik ez dira grabazio-estudioan sartu.

System of a Down taldeak urteak daramatza zuzenekoak eskaintzen. Dena den, 2011n berriro elkartu zirenetik, ez dute material berririk aurkeztu. Hain zuzen, 2005ean argitaratu zituzten azken bi diskoak: Hyptonize eta Mezmerize.

Nolanahi ere, duela pare bat hilabete Serj Tankian abeslariak disko berria grabatzeko aukera bazegoela jakinarazi zuen, eta Shavo Odadjian bateria-jotzaileak esan du dagoeneko kanta berriak sortzen dabiltzala. Ildo horretan, datozen hilabeteetan lan berria grabatzen hasiko direla erantsi du.

"Ez dugu datarik, baina materiala prestatzen ari gara. Abesti batzuk idatzi ditugu, baina oraingoz guk bakarrik entzun ditugu", adierazi du Shavok.

Hori horrela, errepidera atera da berriro talde armeniarra. "Wake up the souls" bira apirilaren 23an bukatuko dute, eta armeniar genozidioaren 100. urteurrena ekarriko dute gogora horrekin.