Kargatzen...
Itxi

Kontzertuak

Gatibuk hitzordu andana du urria eta urtarrila bitartean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Oraingoz, Euskal Herrian lau zuzeneko aurreikusi dituzte: Ondarroan, Azpeitian, Elizondon eta Bilbon.

Gatibu taldeak hainbat zuzeneko iragarri ditu hurrengo hilabeteetarako. Mugak zeharkatu eta Euskal Herritik kanpo ere eskainiko ditu zenbait kontzertu.

Dakizuenez, larunbatean Ondarroan arituko dira, Marabilli Sormen Festibalaren baitan (sarrerak agortuta daude). Dena den, aurretik Logroñon dute hitzordua, ostiral gauean.

Urriaren 28an, berriz, Bartzelonan izango dira Alex Sardui eta taldekideak, eta hurrengo egunean Sant Cugat del Vallesen. Azkenik, urriaren 30ean Reus eta 31n Piera zapaldu ostean, Euskal Herrira itzuliko dira Azpeitia astintzeko irrikaz. Zehazki, azaroaren 6an igoko dira Azpeitiko San Agustin kulturguneko oholtzara. Horixe berori egingo dute egun bat geroago Elizondoko Lur aretoan.

Azaroaren 28an, alabaina, Katalunia aldera bueltatuko dira L'Hospitalet de Llobregaten kantu berriak aurkezteko.

Badirudi Bilbon eskainiko dutela birako azken emanaldia, urtarrilaren 2an. Dena den, baliteke datozen asteotan zuzeneko gehiago iragartzea.