Esklusiba
Ken Zazpiren "Zuhaitz Adarlotuak" abestia, Gaztean entzungai
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Azaroan iritsiko da talde bizkaitarraren estudioko zortzigarren diskoa. 2016ra arte, ordea, ez dute kontzerturik emango.
Astea behar bezala abiatzeko, Ken Zazpiren "Zuhaitz Adarlotuak" abesti berria estreinatu dugu Gaztean, esklusiban.
Aspaldi iragarri genuenez, azaroan argitaratuko du Ken Zazpik estudioko zortzigarren diskoa. Taldeak azkenaldian sare sozialen bidez zabaldu duen informazioaren arabera, dagoeneko prest dute lan hori. Gainera, Ken Zazpik, duela egun batzuk, nabarmendu zuen Ricky Falkner ekoizlearekin jardun dutela lanean. Falknerrek berak ekoitzi zuen Berri Txarraken Denbora da Poligrafo bakarra proiektuko bigarren diskoa (Helduleku guztiak).
Hala, gauzak ondo, Durangoko Azokan izango dute Ken Zazpiren jarraitzaileek diskoa eskuragai, baina 2016ra arte ez dute taldea oholtza gainean ikusiko. Izan ere, horixe da bizkaitarrek zabaldu duten informazioa, alegia, datorren urte hasieran emango dituztela estreinako kontzertuak.
Zortzigarren diskoa
Atzo da bihar lanarekin egin zen ezagun Ken Zazpi. Gerora iritsi ziren Bidean, Gelditu denbora, Argiak eta Zazpi urte zuzenean diskoak.
2010ean, berriz, Ortzemugak begietan argitaratu zuten, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean aritu ziren 2013an.