Kargatzen...
Itxi

Kronika

Ausart atera zen Peiremans+ Bilboko Kafe Antzokiko oholtzara

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Peiremans+ taldearen lehenendabiziko zuzenekoak aise bete zuen hamar urteko hutsunea. Eroso, gogotsu eta pozik aritu ziren taldekideak taula gainean.

Argazkia: eitb.eus

Orbainak utzi ditu jarraitzaileen artean Peiremans+ taldearen irudiak ezkutatzen duen zauriak. Hamar urteko isilunearen ondotik, agertokira atera dira bart estreinakoz Urbizu, Ubeda, Goñi eta Txiki, indartsu eta gogotsu atera ere. Laburra, baina, aldi berean, sakona izan zen osteguneko emanaldia, eta, esan bezala, zaleek esker onez hartu zuten taldekideek oholtzatik helarazitako giro ona.

Taula gainera itzuliko zirela iragarri zutenetik "Joan ginen baina hemen gaude oraindik" leloari eutsita ibili dira, eta izenburu bertsua duen kantuaren akordeek harrapatu zuten Bilboko Kafe Antzokia hasieratik.

Gerora, abesti berriren bat tarteko, estilo askotariko moldaketek busti zuten aretoa. Plazera izan zen jarraitzaileontzat Deabruak Teilatuetan taldearen "Gaur euria egin du" kantua bi musikari handiren ahotsetan entzutea.

Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda abeslarien profesionaltasuna agerian geratu zen, bada. Bakarrik zein elkarrekin, musika estilo ezberdinak lantzen dituzten taldeen abestiak defendatzeko gai direla erakutsi zuten. Weezer talde estatubatuarraren kantu batekin ausartu ziren lehendabizi, baina Sam Cookeren "Wonderful World" klasikoak goritu zuen gaua, zalantza izpirik gabe.

Esan gabe doa, Peiremans+en abesti berrien taularatzearekin, entsegu-lokalean bizitako pasarte zirraragarrien lekuko bihurtu zela publikoa. Lotsa galduta, eroso eta alai aritu ziren antzokian Urbizu eta taldekideak. Hala erakusten zuen, behinik behin, bi abeslarien irribarreak, eta, zeresanik ez, baxu-jotzailearen kemenak.

Abesti berriei dagokienez, diasporari aipamen berezia egiten dio bart aurkeztutako "Zortziak bat" kantu itsaskorrak, Simon Gandariasen hitzak oinarri hartuta. Radio Maria irrati-katearekin ere ba omen dute anekdotaren bat edo beste, izen horrekin izendatu baitzuten abestietako bat: "Radio Maria". Begi-bistakoa zen, halaber, publikoak ongi ikasita zeramala duela pare bat aste aurkeztutako "Bemidji" aurrerapen-kantua.

Aurreneko emanaldia bazen ere, taldekideak ez ziren ahaztu Kafe Antzokiaren 20. urtemugari keinu egiteaz. Izan ere, agertokian jarritako lanpara biribilek gorazarre egin zioten aipatu aretoak bizkarrean daraman ibilbide luze eta oparoari. Argiztapenak ere lagundu zuen horretan.

Zirraraz betetako uneak, beraz, atzokoak; bai Peiremans+ek sortutako gomutengatik, baita euskal musikak eskaintzen dituen momentu ahaztezinengatik ere. Nolanahi dela, urrutira joan gabe, etxean aurki dezakegu altxorrik preziatuena.

"Zein pozik bizi garen betiko tokian"...