Musika agenda
Kontzertu zaparrada, asteburua gozotzeko
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Besteak beste, Gatibu, Izaki Gardenak, Bi Bala, Dekot, WAS, Eskean Kristo, Habeas Corpus, Lauroba, Skasti, Rural Zombies eta John Berkhout arituko dira asteburuan.
OSTIRALA
Gatibu Altsasun arituko da ostiralean; Izaki Gardenak Triok Bastida bisitatuko du, eta Harresian Zulok, KonGlutenek eta Habeas Corpusek, Gasteiz.
Gainerako kontzertu esanguratsuenak Bizkaian eta Gipuzkoan egongo dira. Batetik, Bergaran, What a Banden eta Bi Balaren doinuak entzungo dira, eta Donostian, Eraso! eta Hummus taldeenak. Bestetik, WASek, Pablo Und Destruktionek eta Shinovak Bilboko Ibarretxe kalea girotuko dute. Bizkaiko hiriburuak Dekot, Fizzy Sopu eta Solo Astra taldeen zuzenekoak ere hartuko ditu.
LARUNBATA
Gipuzkoan ez da musikarik faltako larunbat gauean. Arrasaten, esaterako, Eskean Kristo, Bar Remigio, Flyshit eta Screaming For Change igoko dira gaztetxeko oholtzara, eta horixe berori egingo dute Capsulak eta 2Shockek Azkoitian, plazan.
Handik oso gertu, Azpeitian, zehazki, Perlak eta La Basu bihurtuko dira gaueko protagonista. Ezin aipatu gabe utzi, halaber, Laurobak, Zozok eta DJ Miauk musikaz jantziko dutela Donostiako Egia auzoa, eta Jupiter Jonek eta Las Marines disko-jartzaileek Trinitate plaza hartuko dutela.
Lezon, ostera, Skasti, Kalera eta Skaleak aterako dira agertokira, eta Urretxun, Hesian.
Bukatzeko, Rural Zombiesek eta John Berkhoutek kanturik berrienak aurkeztuko dituzte Bilbon.
IGANDEA
Iganderako hitzordu bakarra: Joseba B. Lenoir Trio eta Koban, Donostian.