Jaiak
Esne Beltza, M Clan eta Vanesa Martin ere, Bilboko Aste Nagusian
Agentziak | Erredakzioa
Hiru proposamen hauek Abandoibarreko agertokirako iragarritakoei batuko zaizkie: Zea Mays, Antonio Orozco, Amaral eta El Consorcio taldea Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Esne Beltza eta M Clan taldeak eta Vanesa Martin espainiar kantari eta konpositorea Bilboko hurrengo Aste Nagusian arituko dira, Bilboko Udalak gaur jakinarazi duenez.
Kontzertuok Abandoibarreko agertokirako iragarrita zeudenei batuko zaizkie Bilboko jaietan: Zea Mays, Antonio Orozco, Amaral eta El Consorcio BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Aste Nagusiko lehen larunbatean, abuztuaren 19an, Zea Mays izango da Abandoibarrean izango den lehen taldea. Hurrengo egunean, hilaren 20an, Amaral pop rock bikotearen txanda izango da, eta Antonio Orozco musikagile eta abeslari katalan abuztuaren 21ean arituko da bertan.
Abuztuaren 22an, Vanesa Martin abeslari andaluziarra Bilbon izango da Munay bere azken lana aurkezteko egiten ari den biraren baitan, eta abuztuaren 23an Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta El Consorcio bostekoak kontzertua eskainiko dute elkarrekin.
Hurrengo egunean, abuztuaren 24an, Esne Beltza taldeak hip hop, reggae, soul, rock eta folk erritmoak eramango ditu Bilboko jaietara, eta, azkenik, M Clan taldeak hilaren 25ean joko du.
Bilboko Udalak datozen egunetan iragarriko ditu 2017ko Aste Nagusiko gainerako kontzertuak.