Jaialdia
Euskal musikak leku garrantzitsua beteko du asteburuan Ezcaray Festen
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Uztailaren 21ean eta 22an egingo dute jaialdia Errioxako aipatu udalerrian. Besteak beste, Berri Txarrak eta Belako arituko dira bertan.
Uztailaren 21ean iritsiko da Ezcaray Fest jaialdiaren estreinako edizioa, hiru egunez Ezcarayn geratzeko asmoarekin. Musika talde ezagunak arituko dira bertan, estilo ezberdinak lantzen dituzten artistak, hain zuzen ere.
Euskal musikak, adibidez, bi ordezkari izango ditu: Euskal Herriko aretoak aise betetzen dituzten Berri Txarrak eta Belako taldeak, zehazki. Gainera, Espainiako Estatuko zein nazioarteko talde gehiago ere helduko dira asteburuan Ezcarayra; besteak beste, Leon Benavente, Orishas, La Raiz, The Bellrays eta Marky Ramone.
Hori gutxi ez eta, "Vermu Rockero" ekimenari esker, bazkaldu aurretik, doako zuzeneko kontzertuekin gozatzeko aukera izango dute musikazaleek, herriko zenbait txokotan.
Jaialdiko sarrerei dagokienez, Ezcaray Festen webgune ofizialean eros daitezke, 30 euroan (+ banaketa gastuak). Bi egunerako txartelak, berriz, 49 euroan daude eskuragarri, eta 10 euro gehiago ordainduta kanpatzeko aukera izango dute jaialdira doazenek.
Kontzertuen ordutegiak
Uztailak 21, ostirala
20:00 Tobogán
21:30 León Benavente
23:00 Berri Txarrak
00:45 Marky Ramone
Uztailak 22, larunbata
19:30 Belako
21:00 The Bellrays
22:30 Orishas
00:30 La Raíz