Kargatzen...
Itxi

Bira amaiera

Izarok Mallabian emango du birako azken kontzertua, abuztuaren 15ean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

2016an argitaratu zuen 'Om' diskoa, eta litekeena da abeslari bizkaitarrak denbora bat hartzea orain kantu berriak sortzeko.

Oraindik hogeita lau urte bete ez dituen Izaro Andres abeslariak adarretatik eutsi dio arrakastaren bideari. Hiru urte bakarrik igaro dira musikaren ibilbideari ekin zionetik. Hain zuzen ere, "Paradise" abestia izan zen mallabitarraren estreinako kantua. Harrezkero, beste hainbat abesti egin ditu, eta hainbat areto eta plazetako oholtzak zapaldu.

Musikari iaioak ditu agertokian lagun: Iker Lauroba, Oriol Flores eta Julen Barandiaran, besteak beste. Horiekin guztiekin eta abesteko orduan erakutsitako trebetasunarekin, musikazaleen arreta bereganatzea lortu du denbora gutxian Izarok, betiere, sentikortasun handiko kantu intimoak taularatuta.

Hartara, ordura arte landutako akordeei itxura emanez, duela urtebete iritsi zen Om, Izaroren aurreneko diskoa, eta orduantxe eman zituen lehenengo kontzertuak aipatu proiektuaren edukia jarraitzaileei aurkezteko asmoarekin. Orain, ostera, taulak utzi eta estudioan sartzeko ordua iritsi zaiola dirudi, abuztuaren 15ean birako azken zuzenekoa Mallabian, bere sorterrian, emango duela iragarri baitu Izarok.