Itxi

Bira hasiera

Glaukoma Tolosan izango da ostiralean eta larunbatean, lan berria aurkezten

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ostiralerako sarrera guztiak agortuta daude, baina 200 bat gelditzen dira oraindik larunbaterako. Bi zuzenekoak Bonberenean izango dira.

Iragan astean argitaratu zuen Glaukoma taldeak Kalima diskoa, eta agertoki gainera igotzeko ordua iritsi zaio orain. Horrela, boskote gipuzkoarra Tolosako Bonberenean izango da ostiral eta larunbat honetan.

Hasiera batean iragarri zuten irailaren 8an aurkeztuko zutela lan berria, baina bigarren kontzertu bat ematea erabaki zuten sarrera guztiak agortu ostean. Horrenbestez, irailaren 9ko hitzordurako soilik daude sarrerak eskuragarri. Sare sozialen bidez zabaldu dutenez, 200 txartel inguru geratzen dira, eta larunbatean bertan jarriko dituzte salgai Bonbereneako txarteldegian.

Kalima diskoa ere izango da salgai bertan, 10 euroan.

Lan berria

Karlos Osinagaren gidaritzapean eta Bonberenea Ekintzaken eskutik iritsi da proiektu berria, eta, taldekideek azaldu dutenez, ez dituzte inolaz ere abesti gozoak eta lasaiak egin. Are gehiago, kantu berriak itsaskorrak eta lehorrak omen dira, lanbide ezegonkorrak, ongizatearen irudikeria, errealitate likidoak eta Interneten garaiak ekarritako maitasun faltsua dira, besteak beste, Kalimak azpimarratzen dituenak.

Hala, Glaukomaren estiloari eutsita, ohi baino proiektu sakonagoa, zuzenagoa eta lehorragoa aurkeztu dute tolosarrek, "heldutasunak eta bizitako egun bakoitzak gaztaroaren poztasuna erretzen dutela" erakutsiz.

Hartara, dantza egiteko aukera emango badu ere, diskoak, batik bat, taldekideen erraietan hautsitako "zerbait" islatuko du.