Kargatzen...
Itxi

Ekainaren 17an

Glaukoma eta Libe Araba Euskaraz festan arituko dira

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Gainera, La Pulga taldearen emanaldia iragarri dute goizerako, baita Orbanak, Trago Bakoitzean, Nakba eta Duluth Arabako talde hasiberrien zuzenekoak ere.

Ibilaldia jaiak milaka euskaltzale batu zituen iragan igandean Santurtzin, eta asteburu honetan Euskal Eskola Publikoaren aldeko festa egingo dute Lekeition, non, besteak beste, The Uski's eta Trikizio arituko diren.

Behin hitzordu horiek bukatuta, Araba Euskarazen jarriko dugu arreta. Izan ere, bi aste baino ez dira geratzen Argantzonek Arabako ikastolen aldeko ospakizuna hartzeko.

Hiru gune izango ditu ibilbideak: Hiria, Hizkuntza eta Bihotza. Horietan, umeei zein gazteei zuzendutako denetariko ekintzak eskainiko dituzte ekainaren 17an: bertsolariak, pailazoak, dantza ikuskizunak eta tailerrak, esaterako.

Gainera, ohi bezala, musikak leku garrantzitsua beteko du. Hain zuzen ere, Hizkuntza gunean bilduko dira musikazaleak, hantxe joko baitute Libek (15:30) eta Glaukomak (17:00). La Pulga taldea, berriz, goiza girotzeaz arduratuko da, eta eguerdi aldean Arabako talde hasiberriei egingo diete lekua. Hala, Orbanak, Trago Bakoitzean, Nakba eta Duluth igoko dira oholtzara 13:00ak eta 15:00ak bitartean.