Talde berria
EraBatera: Gatibu, Ken Zazpi eta Willis Drummondeko kideen proiektu berria
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Gaizka Salazar Gatibu taldeko bateria-jotzaileak sortutako talde berriak irailean argitaratuko du estreinako diskoa. "Antipodetan" kantuarekin aurkeztu dute lan berri hori.
Euskal musikan altxor berri bat jaioko da aurki. Gatibu taldeko Gaizka Salazar punta-puntako musikariekin elkartu da EraBatera proiektu berria aurrera eramateko.
Ia nahi gabe sortu zen aipatu egitasmoa. Salazar abestien zirriborroak gordetzen ibili da azken urteotan, eta EraBatera taldea sortzen lagundu dioten ideiak gauzatu ditu etxean bakardadean igaro dituen uneetan, estudioan sartu eta horiexek grabatzeko ordua iritsi dela jakin duenera arte.
Nolanahi dela, urrats hori emateko, bidelagunak behar zituen. Horregatik, Gatibu taldeko Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza musikariei proposatu zien berarekin batera taldea osatzea.
Lau musikarien artean, abestiei forma ematen jardun dute, nork bere ekarpenak eginez. Abestiak biribildutakoan, Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan egon dira kantuok grabatzen.
Lan horren emaitza irailean iritsiko da, orduantxe argitaratuko baitute estreinako diskoa. Bien bitartean, "Antipodetan" abestia aurkeztu dute, aurrerapen gisa.
Kontzertuak
Udazkenerako, gainera, hiru emanaldi iragarri dituzte, disko berria aurkezteko. Azaroaren 8an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira; hilaren 9an, Donostiako Doka antzokian, eta azaroaren 16an, Gasteizko Jimmy Jazzen. Kontzertuotarako sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai, taldearen webgune ofizialean.