Kargatzen...
Itxi

Zuzenekoak

Asteburuko kontzertuen agenda osatu dugu Gaztean

Gaztea

Xabi Bandini, Izaki Gardenak, Dientes de Luna eta Ezpalak dira, besteak beste, egunotan aurreikusitako kontzertu batzuk. '40 minutu rock' jaialdiak ere artista ugari bilduko ditu Durangon.

Izaki Gardenak

Asteburuaren atarian gaudenez, ostiralean eta larunbatean izango ditugun zuzeneko emanaldien errepasoa egingo dugu jarraian.

Ostiralean, Xabi Bandinik eta Izaki Gardenak taldeak osatuko dute Atarrabiako Totem aretoko kartela. Secondekoak, berriz, Bilboko Kafe Antzokian izango dira zuzenean jotzen. Horiez gain, Donostiako Doka aretoak Dientes de Luna eta Ezpalak proposatu ditu ostiral gauerako. Arima eta Lukiek taldeek Ordiziako Delikatuz aretoa girotuko dute, 21:00etatik aurrera.

Larunbatean ere ez da musikarik faltako Euskal Herriko agertokietan eta aretoetan. Esate baterako, Carolina Durante talde madrildarra Bilboko Kafe Antzokira dator, eta sarrera guztiak agortuta daude. Durangon, '40 minutu rock' jaialdia antolatu dute: han arituko dira, besteak  beste, Skakeitan, Soziedad Alkoholika, Arkada Social eta Tremenda Jauria. Azkenik, Hartz eta Hiri Galduak taldeek Sopelako Plaza Beltza kulturgunean eskainiko duten kontzertua aipatuko dugu.