Itxi

49. edizioa

Autoekoizpenari leku berezia gordeko dio Durangoko Azokak

L.Z. | eitb.eus

2014/09/23

Sortzaileen beharrizanei zein joera berriei erantzuteko beste aukera bat zabalduko du Azokak.

Durangoko Azokak autoekoizpenari zuzendutako gune berezia izango du aurten, lehenendabizikoz. Horrela, sortzaileen beharrizanei zein joera berriei erantzuteko beste aukera bat zabalduko du Azokak. Izan ere, geroz eta gehiago dira autoekoizpenaren bidea hautatzen duten artistak.

Editorialek, diskoetxeek, banaketa enpresek, elkarteek eta erakundeek bezala, autoekoizpenaz baliatzen diren musikariek edota idazleek irailaren 15etik urriaren 15era izango dute izena emateko aukera.

Hain zuzen ere, autoekoizpenari helduta, katalogoan produktu bi edo gutxiago dituzten sortzaileek izango dute Azokan gune berezia alokatzeko aukera. Baldintza honek ez ditu baztertzen produktuaren parte bat enpresaren batekin editatu duten sortzaileak. Hala eta guztiz ere, produktuek Durangoko Azokaren araudian jasotzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Izen-ematea

Azokaren webgune ofizialaren bitartez eman beharko dute izena gune berezi horretan egon nahi duten sortzaileek. Esan bezala, urriaren 15ean bukatuko da epea.