Itxi

Musika, duela 20 urte

Zer entzuten genuen euskaldunok duela 20 urte?

B.F. | EITB.EUS

EiTB

2017/01/31

eitb.eus-ek 20 urte bete dituen honetan, 1996an irratietan entzuten ziren abestien zerrenda osatu du Gazteak.

2016ko abenduaren 19an, Euskal Irrati Telebista komunikazio-taldearen webguneak 20 urte bete zituen. Urtemuga berezia ospatzeko, duela 20 urte Euskal Herrian nola bizi ginen gogoratzeko ariketa egin du eitb.eus-ek.

Zein abeslari zegoen boladan 90eko hamarkadan? Noren argazkiak eramaten zituzten gazteek karpetan? Zeintzuk ziren Gaztean entzuten ziren kantuak? Galdera hauei erantzuna eman nahian, 1996an, musikaren arloan gertatutako efemerideen zerrenda osatu du Gazteak.

Euskal Herria

1996a urte berezia izan zen Berri Txarrak talde nafarrarentzat. Izan ere, bi urte lehenago sortutako taldeak Gaztearen Maketa Lehiaketa irabazi zuen.  Jarraian,1997an, taldearen lehenengo diskoa den Berri Txarrak diskoa kaleratu zuten, Gor ekoiztetxearen zigilupean.

Duela hogei urte, Exkixu taldeak euskaldunon bihotzeko fonotekako pieza kuttunenetariko bat moldatu zuen: ?Loretxoa?. Urte berean, 1996an alegia, Jon Mikel Arronategi baxu jotzaileak Ken7 taldea sortu zuen, Eñaut Elorrietarekin batera. Lau urte geroago, Exkixuko abeslaria izan zen Alex Sarduik Gatibu talde ospetsua sortuko zuen.

Urtebete lehenago Maketa Lehiaketaren Entzuleen Saria irabazi zuen Latzen taldeak sekulako arrakasta lortu zuen 1996an. Urte horretan, talde oñatiarraren ?Laztana? balada abestirik entzunena izan zen.

Hertzainaken ibilbidearen amaieraren ostean, 1996an, Gari abeslariak bere lehen lana kaleratu zuen, bakarlari gisa. Victor Celadarekin (bateria), Fran Iturberekin (gitarra) eta Mikel Irazokirekin (baxua) grabatu zuen Gari izeneko lehen diskoa.

Negu Gorriaken Salam, Agur bertsioen diskoa ere urte berean kaleratu zen. Muguruza anaiek, Kaki Arkarazok, Mikel Kazalisek eta Mikel Abregok osatutako boskotearen urrezko garaia izan zen 90eko hamarkadaren hasiera.

14 urterekin hasi ziren Alaitz eta Maider trikiti eta pandero jaialdietan parte hartzen. Urte askoko ibilbidea lepoan hartuta, 1997an argitaratu zuten euren lehen diskoa, Elkarrek babestuta. Euren abestiak oso sonatuak izan ziren urte horretan, eta plaza guztietan jendea dantzan jartzea lortzeaz gain, diskoaren 25.000 ale saldu zituzten.

Bilbo inguruetan, Platero y Tú taldeak A pelo izeneko zuzeneko disko bikoitza argitaratu zuen. Urte bat beranduago, 1997an, Fito Cabralesek, taldeko abeslari eta gitarrak, Fito & Fitipaldis taldea sortu zuen. Lau urtez bi taldeek lanean jarraitu zuten, eta 2001an Platero y Túren ibilbidea bertan behera geratu zen.

 

Nazioartea

Duela 20 urte, Michael Jackson, Madonna, Sting eta George Michael musikariak ziren nazioarteko zerrendaburuak.

 

1990ean sortutako Oasis bandak lehen aldiz lortu zuen Britainia Handiko musika zerrendetako postu gorena eskuratzea, 1995ean, 'Wonderwall' abestiarekin. Urte berean, britpop-aren ikonoa izan den taldeak Tony McCarroll bateria jolea kanporatu zuen.

Nerabeentzako pop-ean ere, mugarria izan zen 1996. urtea. Izan ere, Victoria Adamsek, Melanie Brownek, Melanie Chishomek, Geri Halliwellek eta Michelle Stephensonek Spice Girls talde gogoangarria sortu zuten. Dantzalekuetan hamaika aldiz dantzatu den ?Wannabe? kantuak munduko bazter guztiak astindu zituen.

?Wannabe?rekin batera, The Fugees taldearen ?Killing me softly? izan zen urte horretako abestirik entzunenetarikoa.

Los del Río bikote espainiarrak hautsak harrotu zituen, mundu mailan, ?Macarena? abestiarekin eta haren koreografiarekin.

Espainiar Estatuan, pop-rockak aparteko presentzia izan zuen 1996an. Ella Baila Sola, Los Rodriguez eta Rosana izan ziren talde entzutetsuenak.

Extremoduro taldeak Ágila diskoa kaleratu zuen, eta Def con Dos rap taldearen ?El dia de la bestia? lanak ospe handia lortu zuen.