Cargando...
Itxi

10 sari

Gaztea Sariak 2020, kategoriak eta hautagaiak

EITB

2020/11/02

EiTBren irrati gazteak banatuko dituen sarietarako izendatuen artean Berri Txarrak, Izaro, Belako, Zetak eta Eñaut Elorrieta daude.

Gaztea Sariak 2020

Gaztea Sariak banatuko ditu aurten berriz ere EiTB Taldeko irrati gazteenak. Irratiak azaroaren 26an festa handi bat egingo du Donostian, 2020ko irabazleei sariak banatzeko.  

Egunotan, irratian eta webgunean, banan-banan azaldu dituzte kategoriak eta izendatuak, eta, ohi bezala, entzuleek euren botoekin gustuko hautagaiak aukeratuko dituzte. Azaroaren 3tik aurrera bozkatu ahal izango da Gaztearen webgunean, eta irabazleen izenak azaroaren 26ko sari banaketan jakingo ditugu.

Bederatzi ataletan banatu dira aurten Gaztea Sariak, eta atal bakoitzean lau hautagai proposatzen zaizkio entzuleari.  

Talde edo bakarlari onena atalean daude Belako, Izaro, Zetak eta Gatibu. 

Kantu onena atalean hauek dira proposatutako abestiak: Hegan (Zetak), Aukera (En Tol Sarmiento), Ezpainetan odola (Skakeitan) eta Libre (Izaro) 

Bestalde, Disko onena atalean, Belakoren Plastic drama, Skakeitan taldearen Nola galdu denbora, Zea Mays bilbotarren Atera eta Willis Drummond hirukotearen Zugzwang lanak topatuko ditugu. 

Era berean, Zetak, Xabi Bandini, Belako eta Eñaut Elorrietaren kontzertu formatuek daukate Zuzeneko onenari saria irabazteko aukera. 

Gainera, Bideoklip onenari saria lortzeko, Izaroren Invierno a la vista, Suaren You don't care, Zetak taldearen Pater noster eta Belakoren Tie me up bideoak proposatu ditu Gazteak. 

Talde edo bakarlari berriari saria irabazteko hautagaiak dira Sua talde bizkaitarra; Aguraingo bikotea, Dupla; Bulego pop talde azkoitiarra eta Sara Zozaya musikari donostiarra.

Euskal musika onenaz gain, urteko pertsonaia ere aukeratuko dute aurten Gaztea Sarietan. Hautagaiak honako hauek dira: Itziar Ituño aktorea; Twin Melody, Aitana eta Paula Etxeberria ordiziarrak; Orioko nesken arraun taldea eta "El Conquistador del Caribe" saioko aurtengo irabazle Mikel Perez. 

Urteko ekimen edo fenomenoari saria atalean, Berri Txarrak taldea, Zaporeak proiektu solidarioa, El hoyo filma eta Egunean Behin jokoa proposatu dituzte. 

Aurten, COVID-19aren pandeamiak aurrekaririk gabeko krisi batean murgildu gaitu; hala ere, arteak eta kulturak bere sorkuntza bideari eutsi dio. Horregatik, aurten, ezohiko kategoria bat sortu dute, Konfinamenduko abesti edo bideo onenari saria. Hauexek nabarmendu dira:  Zeinen ederra izango den (Zetak); Zurekin batera (ETS); Tiempo ausente (Izaro), eta Harbide zilar bat (Eñaut Elorrieta).

Azken sorpresa bezala, Ibilbide osoari aitortza saria emango dio Gazteak musikari euskaldun bati. 

Azaroaren 26an banatuko dira 10 sari horiek, Donostian ospatuko den gala berezi batean. Gazteako entzuleek bertara joateko aukera izango dute, hainbat gonbidapen zozkatu baitira. Bertan zuzenean egoteko aukera izango ez dutenek, aldiz, ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dute jaiaren emisioa. Gainera, Gaztearen sare sozial guztietan ere jarraipen berezia egingo zaio sari banaketaren ekitaldiari.