Itxi

Bilbao BBK Live Udazkena

Bertan behera gelditu dira BBK Live Udazkenako osteguneko kontzertuak, Caribou taldeko positibo batengatik

B. F. | EITB Media

2021/11/10

Ostiralean, Rigoberta Bandinik, Mastodontek eta Uniformek joko dute. Larunbatean, berriz, Dorianek, Bulegok eta Teenage Fanclubek.

Caribou taldeko Dan Snaith. Argazkia: Thomas Neukum

Bilbao BBK Live Udazkena jaialdiak osteguneko programazioa bertan behera uztea erabaki du, Caribou taldean izandako covid-19 kasu bat tarteko.

Talde kanadarrak ohar bidez jakinarazi duenez, "oso triste" daude, eta datorren udan Bilbao BBK Liven elkar ikusteko "irrikan".

Caribourekin batera, ZETAK eta Gazzi taldeek osatzen zuten azaroaren 11ko kartela. Beste bi kontzertu horiek ere bertan behera gelditu dira, eta antolatzaileek sarreren dirua bueltatuko dutela jakinarazi dute.

Ostirala eta larunbata

Ostiraleko eta larunbateko programazioak, berriz, ez du inolako aldaketarik izan.

Azaroaren 12an, Rigoberta Bandini talde kataluniarrak, Asier Etxeandia eta Enrico Barbaroren Mastodontek eta Uniform andaluziarrek beteko dute Bilbao Arena.

Larunbatean, Dorian indie-pop taldeak eta Bulego azkoitiarrek irekiko dute gaua. Atzetik, kartel buru gisa, Teenage Fanclub eskoziarrak arituko dira.