Atzerapena
Gatibuk azaroaren 27ra atzeratu du larunbat honetan BECen eman behar zuen kontzertua
Agentziak | EITB Media
2021/11/10
Taldekide bi covid-19arekin kutsatu direla jakinarazi du Bizkaiko taldeak.
Gatibu taldeak azaroaren 27ra atzeratu du larunbat honetan Barakaldoko BECen eman behar zuen kontzertua, bi taldekide covid-19arekin kutsatu direlako.
Prentsa-ohar bidez adierazi dutenez, "atsekabe handiz" hartutako erabakia izan da, baina "arduratsuak" izateari eman diote garrantzia.
Gainera, azaroaren 13rako erositako sarrerek hilaren 27rako balioko dutela argitu dute.
Sarreraren dirua bueltatzea nahi dutenek, ostera, bi aukera dituzte. Online erositako sarreretan, inprimaki hau bete beharko dute; eta sarrera fisikoa dutenek, berriz, mezu elektroniko bat bidali beharko dute (datozen 5 egunetan) info@pandaartistmanagement.net helbidera.