Elkarrizketa
Ander Lopez, “Lay Day” podcasteko aurkezlea: “Surflariek surflarientzat egindako saioa izango da"
B. F. | EITB Media
2022/03/04
Surfaren inguruko bideopodcast bat da "Lay Day". Olaia Elorriagak eta Ander Lopezek gidatuko dute, eta saio bakoitzeko gonbidatu bat izango dute. Bi asterik behin izango da ikusgai, Gaztearen YouTubeko kanalean.
Ur handitan murgilduko da Gaztea, "Lay Day" izeneko apustu berriarekin. Surfaren inguruko bideopodcasta izango da, Ander Lopez Lerena eta Olaia Elorriaga Urrutia surflariek aurkeztutakoa.
Atal bakoitzeko gonbidatu bat izango dute, eta hamabostean behin izango da ikusgai Gaztearen YouTubeko kanalean eta webgunean. Gainera, EITB Podkasten entzuteko aukera izango da.
Ander Lopezek azaldu duenez, "'Lay Day' surflariek surflarientzat egindako produktua" da. Edonork ikus dezakeen arren, "surfaren saltsan" dagoen publikoari bideratutako saioa da. Izan ere, gai teknikoez arituko dira bertatik pasatzen diren gonbidatuekin.
Ofizioz kazetaria da Ander; Olaia, ostera, marketinaren mundutik dator. Biek konpartitzen dute surfarekiko maitasuna eta zaletasuna; eta Euskal Herriko Surf Federazioarentzat speaker lanetan aritzen dira.
Gonbidatuez galdetuta, lehenengo biak zeintzuk izan diren aurreratu du saioko aurkezleak. Lehena Bittor Garitaonandia izango da, Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari den surflari debarra. Bigarrena, Leticia Canales bizkaitar surflari profesionala.
"Lay Day"ren lehen atala martxoaren 7an estreinatuko da, Gaztearen YouTubeko kanalean eta webgunean.