Cargando...
Itxi

Elkarrizketa

Haizeatxo: “Emakume eta sexu-genero disidenteek gure lekua egiten ari gara rapean merezi dugun tokia lortzeko”

Berezi Fernandez | EITB Media

2022/03/11

18 urterekin hasi zen plaza publikoetan rapeatzen. Hiru urte geroago, barne zein kanpo bide luzea egin duela uste du musikariak. Zaintza, rapa, elkartasuna, klase kontzientzia eta feminismoa izan ditu hizpide EITB Mediarekin.

Haizeatxo. Argazkia: @nngam_photo

Sistemaren arrakalei, desoreka existentzialari eta kontsumo arduragabeari abesten dio Haizeatxok Nire Bala 2019ko abestian. Kanta hori atera eta hilabete batzuetara gauza bitxia gertatu zitzaion. "Pare bat hilabete pasata, letra entzuten eta aztertzen, konturatu nintzen benetan zenbateko amorrua neukan barnean. Denbora asko behar izan nuen benetako esanahia ulertzeko", azaldu du artistak.

Emakumea, arabarra, euskalduna, feminista, gaztea eta rap musikaria da Haizeatxo. Etiketek eta horien hurrenkerak estutu edo salbatzen ote duten galdetuta, gauza biak gertatzen zaizkiola esan digu: "Askatzen naute, baina hainbat modutan asko estutzen naute". Bada, 18 urterekin idatzitakoak hiru urte geroago irakurrita, "barne eztabaida prozesu oso luze honen hasieran" zegoela uste du, orduan hasi baitzen bere "identitatea kuestionatu" zezakeela barneratzen.

Hala ere, garai hartan bere segurtasun faltak "jan" egin zuela aitortzen du egun: "Urteak pasa dira eta geroz eta prozesu sakonago batean nago. Nire identitatea eraikitzen nago, pertsona eta artista moduan. Nola ez, sistema heteropatriarkal kapitalistak ez du batere laguntzen prozesu honetan, ezta buru-nahasmenek ere".

"Nire Lagunek Bai"

2021ean, Nire Lagunek Bai abestia argitaratu zuen. Bertan, indarkeria matxista, autodefentsa feminista eta arraza pribilegioa ditu hizpide. "Elkar zaintzea, elkar babestea eta antolatzea beharrezkoak dira", horren ustez, musikan, kaleetan, harreman pertsonaletan eta bizitzaren esparru guztietan. "Beharrezkoa da espazio seguruak izatea; pribilegio posizioetan egonda ere, besteen espazio seguruak errespetatzea", erantsi du Haizeatxok.

Defentsarako eta elkar zaintzeko tresnak, ostera, "testuinguruaren araberakoak" direla uste du. Hala ere, bere ingurura begiratuta, aske izateko lekuak sortzeko "gogoa eta saiakera" badaudela azpimarratu du musikariak.

Azkenaldian, Euskal Herri mailan rapak "gogor jo" duela dio Haizeatxok, "flipatu" egiten duela gurean egiten den musikarekin. Artistak, baina, jakin badaki bidea beste batzuek urratu zutela: "Indarrapen disko bat oparitu zidatenean hasi nintzen rapa entzuten". Umetan, Gasteizko taldearen kantak etxean abestu ahala, "letra jurruak" idazteko grina piztu zitzaion Haizea nerabeari.

Gerora, Glaukoma eta Zhiakus taldeak entzuten zituen. Erreferente nagusia, ostera, Gata Cattana poeta eta rap musikaria dela azpimarratu du. "Egia da nire erreferenteak aipatuta argi dagoela gehienak gizonak direla, baina horrek ez du esan nahi sexu-genero disidenteek mikrofonoa eta platerak hartzen ez dituztenik", azaldu du artistak.

"Rap feminista" kategoriak iradokitzen dionaz galdetuta, aitortu du ez dela eroso sentitzen. "Nik ez nuke rap feminista bezala etiketatuko gure proiektua. Argi dago feminismoak presentzia handia daukala gure letretan. Baina guk egiten duguna, edo nik behintzat, rapa da; rapa eta kito".

Hala ere, "beste edozein musika genero bezala", rapa oso maskulinizatuta dagoela salatu du musikariak: "Emakume eta sexu-genero disidenteak gure lekua egiten ari gara, rapa egiten dugulako, eta rapero horien guztien erdian gaudelako —ia ukabilka— merezi dugun tokia lortzeko".