Cargando...
Itxi

Elkarrizketa

HOFE: "Nire betiko jendearekin lan egin ahal izatea izan da gauzarik ederrena"

Berezi Fernandez | EITB Media

2022/03/30

Gaur aurkeztu du HOFE nafar artistak “Amodioa” izeneko estreinako diskoa, Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleen eskutik (4:40). Lehen lan luzeak ireki dion zauria, sorkuntza prozesua eta erreferentzia artistikoak izan ditu hizpide Gaztean.

HOFE. 2 esku 2 laban abestiaren bideoklipeko irudia

Joven Lehendakarirekin hasi eta Handia abestiarekin bukatzen den bidaia da "Amodioa", HOFE nafar artistaren lehen diskoa. Bidean, maitasunari, gorrotoari, arteari eta ospeari abesten die, estutasun atmosfera batetik gehienetan.

"Estutasuna eta presioa gustatzen zaizkidan bi gauza dira", aitortu du HOFEk. Musika sortzeko orduan presiopean sentitzea atsegin duen arren, gorroto ere gorroto du, askotan "jan" egiten duela sentitzen baitu. Sentsazio horrek, baina, bizipen propiotik baino "belaunaldi baten" islatik gehiago duen susmoa du artistak.

Iraganarekin apurtzeko beharrak "Amodioa" zeharkatzen du, goitik behera. Orain artekoa suntsitu eta etorkizunak eskaintzeko duenaz behar bezala gozatzeko nahia agerikoa da sortzaile nafarraren obran. "Dudarik gabe, diskoak bi mood horiek ditu. Bi ideia horiek album osoan zehar garatzen dira, abaniko moduko bat sortuz", azaldu du HOFEk.

Abestea "negar zein barre egiteko" bere modua den aldetik, gaiei dagokienez, argi-itzaletan eroso dago HOFE. Bada, "dualtasun horietan" (maitasuna eta gorrotoa, iluntasuna eta argitasuna, miseria eta ospea, tristezia eta euforiaren artean) murgilduta sumatzen du bere burua, musika munduan zein maila pertsonalean. Ideia horiekin "jolastea" gustatzen zaio musikariari, ondorioetan gehiegi erreparatu gabe; Handian entzun daitekeenez, ez zaio inporta, edo agian bai.

Hala ere, bere musika nolabait etiketatu beharko balu, "musika erreferentziala" egiten duela esango luke HOFEk. "Elkarrizketa batzuetan jada esan dudan bezala, musika, zinema eta artearen friki bat naiz. Gertatzen zaigun guztia baliabide gisa erabil daiteke, kultuzko film bati erreferentzia egin diezaiokedan bezala, amonari edo kalean ezezagun bati entzun diodan esaldi bat niretzat har dezaket", adierazi du sortzaileak.

"Elkarrizketa batzuetan jada esan dudan bezala, musika, zinema eta artearen friki bat naiz. Gertatzen zaigun guztia baliabide gisa erabil daiteke, kultuzko film bati erreferentzia egin diezaiokedan bezala, amonari edo kalean ezezagun bati entzun diodan esaldi bat niretzat har dezaket"

Hari horri tiraka, bere lehen diskoan 20 izen propiotik gora aipatzen ditu, nafar ospetsuak hasteko ("2 esku 2 laban"), euskal kulturako pop ikonoak gero, eta artearen munduko hamaika erreferentzia bukatzeko; tartean, lagunak, familia eta Iruñeko auzoei keinuak.

Lagunekin elkarlanean

"Amodioa" egiteko izan dituen bidaideez galdetuta, diskoa lagunekin egitea gertatu zaion "gauzarik ederrena" izan dela aitortu du artistak. Musika alorrean, 4:40ko Xabier Lafuente eta Marcos Galech, Chill Mafiako Kiliki Frexko, Nimroyy eta Suneo izan ditu lagun.

Ildo horretatik, musikaren munduan "modu kolektiboan" lan egiteari onurak baino ez dizkio ikusten. "Etengabe sortzen dira ideiak, besteek nola lan egiten duten ikusteko aukera daukazu, zure segurtasun eremutik ateratzeko…", erantsi du.

Arlo bisualean, "zinemagintzara hurbiltzen diren bideoak egiteko aukera izatea ametsa" izan da artistarentzat. Diskoko klip guztiak Liam McDonnell bideogileak zuzendu ditu, Arrigurirekin elkarlanean. Zinemazale amorratu zein lagun min gisa, musikariak esker oneko hitzak baino ez ditu horrentzat, "artista itzela" dela iritzi baitio.