Cargando...
Itxi

Elkarrizketa

Amaia: "Bigarren diskoarekin lan egiteko modu berri bat deskubritu dut eta asko gozatu dut prozesua"

B. F. | EITB Media

2022/05/09

Amaia musikari nafarrarekin izan da Gaztea, Donostiako Kursaalen emandako kontzertua bukatu berritan. Artistak “Cuando no sé quién soy” diskoaren nondik norakoak izan ditu hizpide Jon Fernandezekin.

Amaia eta Jon Fernandez. Argazkia: EITB Media

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Amaiak "Cuando no sé quién soy" diskoa aurkeztu du Donostian, lepo betetako Kursaalen. Zuzenekoa bukatuta, berarekin egoteko aukera izan du Jon Fernandezek.

Publikoaren azken txaloaldiaren berotasunak eta familia osoaren bisitak eragindako zirrarak erabat zeharkatuta, Donostian jotzen "etxean" sentitu dela aitortu du nafar artistak. "Gure amona donostiarra da eta birraitonak izozkiak saltzen zituen Igeldo mendian, Donostiarekin oso konektatuta sentitzen naiz", erantsi du Amaiak.

Taula gainean sentitutakoaz galdetuta, publikoaren harrerak erabat hunkitu du musikaria: "Jendearen berotasunarekin harrotu egin naiz eta asko gozatu dut".

"Cuando no sé quién soy" diskoaren sorkuntza prozesuaz ere aritu da Amaia. Aurreko diskoan ez bezala, bigarren honetan sonadun musikariz inguratuta dator musikaria. Bada, Alizzz, Rojuu eta Aitana musikariekin egindako elkarlanak aurki daitezke bigarren LP honetan.

"Asko entzuten ditudan gustuko musikariekin lan egiteko aukera izan dut eta oso aberasgarria izan da", azaldu du artistak. Sorkuntza metodo "kolaboratiboagoak" deskubritu ditu Amaiak, baita soinu berriak ere: "Bigarren disko hau askoz sofistikatuagoa dela esango nuke, elektronikoagoa. Diskoa bera eta letrak landuagoak dira. Ni neu ere aldatu naiz azken urteotan eta diskoa horren isla argia dela esan dezaket".

Hein handi batean, kolaborazioek markatu dute "Cuando no sé quién soy"ren izaera korala. Horien artean, Aitanarekin egindakoa nabarmendu du Amaiak, beretzat "muturrekoena" baita. Bere "konfort gunetik ateratzeko" erronka gisa planteatu du La canción que no quiero cantarte abestia, letra zein soinu aldetik. Gaur estreinatuko den kantak "ohiko egiteko modutik" aldendu du nafar artista, eta bidetik irteteak utzitako emaitzarekin asebeteta dagoela azpimarratu du.

(Elkarrizketaren jatorrizko audioa gaztelaniaz dago).