Cargando...
Itxi

Elkarrizketa

Cris Lizarraga: "Borroka ikuspuntutik hitz egiten dugu identitateaz, baina etiketek zoriona ematen dute"

Berezi Fernandez | EITB Media

2022/05/17

Belako taldeko musikariak identitatea, bisexualitatea eta kolektibitatea izan ditu hizpide Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Egunean.

Cristina Lizarraga

Beste askorentzat bezala, 2020a urte katartikoa izan zen Cristina Lizarragarentzat. "Behartutako introspekzio" urte horretan, "min sakona" sentitzeaz gain, "askatzeko eta elkartzeko" guneak deskubritu zituen artistak.

Horietako bat Pikara Magazinen aurkitu zuen, Elisa Collek eta La Psico Womanek bifobiaz eta bisexualitateaz izandako hizketaldiaren bideo batean. "Bifobiari esker konektatu nuen bisexualitatearekin, bertan aipatzen diren indarkeriekin identifikatu bainintzen", azaldu du Lizarragak. 

Une horretan, argi ikusi zuen: bizi osoa zeraman bere identitatea ulertu gabe, ez soilik harreman sexu-afektiboei dagokienez, baizik eta "pertsona gisa munduan egon eta kokatzeko" zuen moduaren arrastorik gabe. 

Bat-bateko esnatze horretatik abiatuta, bere burua "legitimatu" eta sareetan mezu bat zabaltzeko une aproposa izan zitekeela otu zitzaion. Hala, familiari bisexuala zela kontatu zion uneari buruzko argitalpena egin zuen Instagramen.  

"Bisexualitatearen etiketa gotorleku bat izan da niretzat, aurretik ezagutzen ez nuen jendearekin gune seguruak sortzeko balio izan didan babeslekua. Etiketa kolektibizatzeko modu bat da, geure burua legitimatu eta behingoz LGBTI kolektiboko kide bezala sentiarazteko balio diguna", azaldu du musikariak.  

"Identitateaz hitz egiten dugunean, borroka ikuspuntu batetik egiten dugu, gehienetan indarkeriez hitz egiten baita. Baina garrantzitsua da esatea etiketek zoriona eta toki seguruak sortzeko aukera ematen digutela", erantsi du. Kolektiboaren baitan "argi-ilunak" dauden arren, etiketak norbere izaera onartzen hasi eta "sareak josteko" oasi bat direla argitu du Lizarragak. 

Bere izaera ulertu eta onartzeko prozesuan, kolektibitateak eta lagunek berebiziko garrantzia izan dute artistarentzat. "Musika talde baten testuinguruan garatu dut nire nortasuna, eta feminismoaz zein LGBTI kolektiboaz ikasi dudan guztia lagunei esker izan da. Bidea ez dut bakarrik egin. Hau gogoratzea oso garrantzitsua iruditzen zait: dakidan guztia lagunek erakutsi didate", erantsi du. 

Identitate disidenteak, mainstreama eta kulturaren industria 

Dituen "pribilegio guztiekin" jabetuta, mundura den bezala agertzeko testuinguru erosoan bizi dela aitortu du Lizarragak; izan ere, bere identitateaz hitz egin duen guztietan erantzun "gozoa" jaso du.

Hori jakinda ere, kulturaren munduan erreferenteak falta direla azpimarratu du Lizarragak, gabezia hori baita, bere ustez, armairutik modu publikoan irteteko eragozpen nagusia. 

"Mainstreamean sekulako posizionamendu falta eta endogamia asko dago, gutxi batzuk elkar ulertu eta kolektibizatzeko guneak sortzen ari gara, baina zirkulua nahiko itxia da"

Ildo beretik, identitatearen gaia erdigunera ekartzeko beharraz ohartarazi du artistak: "Mainstreamean sekulako posizionamendu falta eta endogamia asko dago, gutxi batzuk elkar ulertu eta kolektibizatzeko guneak sortzen ari gara, baina zirkulua nahiko itxia da. Horregatik, kanpoan beste mundu bat dagoela ahazten zaigu askotan, gai hau lotsatik eta sekulako indarkeria pairatuz bizi duten beste hainbat pertsona daudela, alegia".  

Cristina Lizarragaren esanetan, identitate sexu-afektiboaren gaia "tabua" da oraindik gazte askorentzat, "nerabeek hainbat motatako errealitateak eta harremanak kontatzen dituzten telesail eta filmak" kontsumitzen dituzten arren. 

Kanpoko errealitate horretan bizi diren gorputz eta ahots isilaraziak ahalduntzeko, plaza publikoan aritzen direnek badute zeregina. "Arte, kultura eta musika munduko jendea bere erantzukizunaz ohartu beharko litzateke, jendeak erreferenteak behar baititu", adierazi du Lizarragak. Kargu hartu bai, baina "gizarte osoaren zama" euren gain hartu gabe.  

Artistaren aburuz, "hezkuntzaren, legeen, erakunde publikoen, familien eta beste hainbat eragileren artean" banatu behar da pertsona guztiak "ortzadarraren babespean" eroso sentitzeko ardura.