Lil Nas X artistak BET sarien homofobia salatu du
2022/06/09
Musikariak sareetan azaldu duenez, ulertezina zaio “mundu mailako saririk garrantzitsuenetan (Grammyak) presentzia nabarmena izan ostean”, musika beltzaren sarietan izendapenik ez jasotzea.
Lil Nas X artista afroamerikarrak BET sarietako homofobia salatu du, mundu mailako hainbat garaikur jasota ere, musika beltzaren sarietako akademiak ez duelako aurtengo ediziorako izendatu. 2020an artista hasiberriaren izendapena jaso zuen arren, ordutik ez da BETetako zerrendetan agertu.
"Pertsona gay beltzak aitortzaren alde borrokatu behar gara, gailurrean egonda ere ikusezinak garela ematen duelako", azaldu du artistak Twitter sare sozialean. Ildo beretik, "mundu mailako saririk garrantzitsuenak (Grammy sariak)" jasota, BETetan presentziarik ez izatea "ulertezina" zaio Lil Nas X-i.
this is my point exactly how can i get acknowledged by the most acclaimed award show in the world and then not even just 1 nomination from my own people? is that not crazy? am i really tripping https://t.co/aE5cCRVsFm
— MONTERO (@LilNasX) June 7, 2022
Txio hauen harira jasotako iruzkinetan egindako hainbat galderei erantzun die artistak. Tartean, Tyler the Creator eta Frank Oceanen izendapenez galdetu diote, artista biak LGTBI kolektiboko kideak izanda izendapenak jaso baitituzte. Erabiltzaileari erantzunez, Lil Nas X-ek honakoa idatzi du: "Noiz onartuko dugu gizon queerrak gehiago errespetatzen ditugula gauza ez femeninoak egiten dituztenean? Edo nire irudipen soila da?".
love frank and tyler to death but can we admit queer men are more respected when they do less feminine things or am i making that up? https://t.co/MLqkGYKWSI
— MONTERO (@LilNasX) June 8, 2022
BET sarietako arduradunek, euren aldetik, Lil Nas X maite dutela erantzun eta sari banaketetan emanaldiak eskaini izan dituela gogoratu dute. Gainera, rap musikariak izendapenik ez jasotzeko arrazoia argitu dute: "BETeko Akademia osatzen duten 500 kideetatik inork ez du proposatu Lil Nas X-en obra".