Cargando...
Itxi

Bitxikeriak

Biboteak, orrazkera berriak eta 'look' aldaketak: horrela hasiko dute ikasturtea gure 'celebrity'ek

B. F. | EITB Media

2022/08/31

Bulego taldeko Tomas Lizarazuk, Klaudio Landa eta Ainhoa Etxebarria ETBko aurkezleek, Pello Reparaz ZETAKen abeslariak eta Iñigo Urkullu lehendakariak 'look' aldaketak egin dituzte uda bukaeran.

Tomas Lizarazu. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Ikasturte berriari gogoz ekiteko indar bila, itxura aldaketa txiki bat egitearen aldekoak dira asko. Sare sozialetan ikusitako uda bukaerako publikazio koloretsuetan, hainbat look aldaketaz ohartu gara.

Tomas Lizarazu

Bulego taldeko kideak bibotearen aldeko apustua egin du uda honetan. Hala, Euskal Herriko festa eta jaialdi udatiarretan mustatxarekin ikusi dugu abeslaria.

Egunotan Finlandian dago Bulego taldea, Skakeitan eta IZAROrekin batera, Bite Basque Beat jaialdiaren bigarren edizioan parte hartzeko.

Klaudio Landa

Bigarren honek ere sudurpekoa utzi du uda honetan. Bere Instagram profilean ikusi dugunez, Bilboko Aste Nagusiko programazioaz gozatzen aritu izan da. Jaiak bertatik bertara bizitzeaz gain, 'Edozein Herriko' ETB1eko saioan ikusi dugu egunotan.

Utziko ote du bibotea 'Jateko Modukoa' saioaren denboraldi berrian?

Ainhoa Etxebarria

ETB1eko 'Zurekin Bat' saioko aurkezleak adatsa moztu du, hainbat urtez luze eraman ostean. Uda honetan, lanean ikusi dugu Gazteako esatari ohia, 'Sagastitarrak' obra Euskal Herriko antzokietan antzezten.

Etxebaren looka lortu nahi? Gerturatu Ondarroako Amaia "Pelukeixira".

Pello Reparaz

Orrazkera, kolore eta itxura aldaketetara ohituta dagoen arren, egindako azkenak erabat harritu gaitu: berde fosforitoz tindatu du ilea ZETAKeko abeslariak. Zertarako? Bomba Estereorekin elkarlanean egindako Zoriontasuna (La vida es de verdad) abestia estreinatzeko!

Iñigo Urkullu

Ikasturte politikoa berria eta itxura berria. Lehendakaria bizarra utzita agertu da publikoki, uda osteko lehen agerraldietan.

Gai politikoez gain, look aldaketarekin lortu nahi duenaz galdetu dio kazetari batek ikasturteko lehen Gobernu Kontseiluko prentsaurrekoan. Lehendakariak, baina, ez du gai pertsonalez hitz egin nahi izan, jarritako aurpegiak erantzun gisa balio duen arren.

Iñigo Urkullu, Gobernu Kontseiluko prentsaurrekoan