Cargando...
Itxi

Gaztea Sariak

2023ko Gaztea Sariak, martxoaren 2an, Bilboko Euskaldunan

gaztea

2023/01/30

Gaztea Sariak martxoaren 2an banatuko dira, Euskalduna Jauregiko Urban Hall espazioan. Sarrerak doakoak izango diren arren, erreserbatzea nahitaezkoa izango da.

Gaztea Sariak 2023

Egunak generamatzan Euskal Herriko zeruan argi berezi bat ikusten. Bilbotik, Donostiatik, Tolosatik, Oriotik, Aramaiotik… iritsi zaizkigu irudiak, eta dagoeneko jakin dugu zer den eta zertara datorren.

Martxoaren 2an, Bilbon lur hartuko du meteoritoak, 2022ko euskal musikak merezi duen omenaldiaren irudi sinboliko gisa. Euskalduna Jauregiko Urban Hall espazioan izango da, 2023ko Gaztea Sarien galan. Pandemiak eragindako urtebeteko geldialdiaren ostean, inoiz baino indartsuago datoz Gaztearen saririk ezagunenak.

Orain arteko edizioetan bezala, aurtengoan ere sari banaketa bat baino askoz gehiago izango da martxoaren 2koa. Festa handirako propio prestatutako espazioan, photocalla, iazko talde arrakastatsuenen zuzenekoak, "GU" saio berezia eta iragartzen joango garen beste hainbat sorpresaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

2023ko sarituak

Datorren astean iragarriko ditugu zeintzuk diren aurtengo edizioko artista izendatuak, "Dida!" eta "GU" saioetan, sare sozialetan eta webgunean.

Izen guztiak iragarrita, publikoaren txanda iritsiko da, zuek erabakiko baituzue zeintzuk izango diren oholtza gainera igoko diren artista sarituak.

Bederatzi eguneko epea izango duzue Gaztearen webgunean sartu eta gustuko talde edo bakarlariaren aldeko botoa emateko.

Bertan egon nahi duzu?

Festa lehenago hasiko den arren, gala 19:30ean abiatuko da. Sarrerak doakoak izango dira, baina erreserbatzea nahitaezkoa izango da. Euskaldunaren webgunean izango dira eskuragai, otsailaren 6tik aurrera.

Egunean Euskaldunara hurbiltzeko modurik ez dutenek izango dute etxetik ikuskizunaz gozatzeko aukera. Izan ere, 2023ko Gaztea Sariak streaming bidez ikusi ahal izango dira, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.