Cargando...
Itxi

Musika

Rihannaren Super Bowla: 'hit'ez betetako errepertorioa, marketin kanpaina paregabea eta haurdunaldi berria

B. F. | EITB Media

2023/02/13

Arizonan jokatu da NFLren Super Bowl ligako finala. Rihanna izan da atsedenaldiko protagonista eta ez da oharkabean pasatu. Irakurri hemen ikuskizunari buruz jakin beharreko guztia.

Rihanna. Argazkia: EFE

Bart izan da 2023ko Super Bowl ligaren finala, Kansas City Chiefs eta Philadelphia Eaglesen taldeen artekoa. Rihanna izan da partidaren atsedenaldiko ikuskizuneko protagonista, eta eskainitako showak mundua astindu du.

State Farm estadio (Glendale, Arizona) lepo betean, airean zintzilik zegoen plataforma mugikor baten gainean, agertu da Barbadoseko artista. Goitik behera gorriz jantzita eta dantzari gudaroste batek inguratuta, "Bitch Better Have my Money"ren bertsio elektroniko batekin hasi du ikuskizuna.

Lurrera jaitsita, "Where have you been", "Only girl (in the World)", "We found love", "Rude boy", "Work" eta "Wild thoughts"en mashupa egin du Rihannak, koreografia ikusgarriaz eta pirotekniaz lagunduta.

Ikuskizunaren erdi aldera, sareak aztoratu dituen keinua egin du artistak. Mundu erdia begira zuen unean bertan, koreografia eten eta makillajea konpondu du Rihannak, bere markako (Fenty Beauty) produktua erabilita. Markak dagoeneko sekulako irabaziak dituen arren, marketin estrategia paregabe baten emaitza izan da keinua.

Gero, "Allo f the lights" eta "Umbrella"rekin ekin dio showaren bigarren parteari. Bukatzeko, "Diamonds" abestu du artistak, Glendalego zeruan flotatzen, su artifizialez inguratuta.

Emanaldian zehar, musikariak hainbat aldiz ukitu du sabela. Sare sozialetan haurdun ote dagoen galdetzen hasi dira erabiltzaileak, eta artistaren agenteak konfirmatu du azkenean: bai, Rihanna eta A$AP Rocky rap musikariak bigarren ume bat izango dute laster.

Fanen harrera

Super Bowlaren atsedenaldiarekin gertatu ohi den bezala, kolore guztietako iritziak utzi ditu Rihannaren emankizunak. Zazpi urteko isilunearen ostean, askok eta askok ospatu dute Ririren itzulera. Beste batzuek, aldiz, gehiago espero zutela adierazi dute.

Showaz gain, beste hainbat momentu nagusitu dira sareetan. Tartean, ikuskizuna zeinu hizkuntza bitartez eman duen emakumearen jarrera eta futbol jokalariek aldageletan egindako dantzak.