Cargando...
Itxi

Musika

Rosalía eta Frank Oceanen kolaborazioa: noiz grabatu zen eta zergatik ez da argitaratu?

2023/05/05

Filtrazio bati esker ezagutu dugu “Changes”, Rosalía eta Frank Ocean artisten arteko elkarlana. Audioaz gain, abestiaren bideoklipa ere izan dugu ikusgai.

Frank Ocean eta Rosalía. Argazkia: @rosaliaesthetic

Asteon entzun genuen estreinakoz "Change", Rosalía eta Frank Ocean artistek elkarrekin egindako abestia. Antza denez, 2020an grabatu zuten elkarlana, baita horren bideoklipa ere. Azken honetan, kalitate eskaseko audioa izan arren, aipatutako bi musikariak ikus ditzakegu, baita A$AP Rocky eta Slowthai artistak ere.

Abestia eta bideoa grabatuta dauden arren, ez publikatzea erabaki zuten, oraindik ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik. Orain filtratzeko arrazoiak ere ez daude argi, baina errudunak bilatzen hasita, hainbat zalek Hidji Films (bideoklipa zuzendu zuen bideogilea) aipatu dute.

Rosalía eta Frank Oceanen arteko harremana

Kolaborazioaren berririk ez genuen arren, kataluniar artistak aspalditik erakutsi du kaliforniar artistarekiko miresmena. Besteak beste, duela zortzi urte egindako Oceanen "Thinkin bout you" abestiaren bertsio hau ikus daiteke Rosalíaren kanalean.

Gainera, Motomami diskoko "Saoko" abestian Frank Ocean aipatzen du, "Frank me dice que abra el mundo como una nuez" (Frankek esan dit mundua intxaur baten moduan zabaltzeko) esaten duenean. Artistak berak hainbat elkarrizketatan esan duenez, aspaldiko lagunak dira eta Oceanen gomendioak oso baliagarriak izan zaizkio Motomami sortzeko prozesuan.