Bilbao BBK Live
Pavement, The Blaze, Phoenix eta Jamie XX kartelburu, Bilbao BBK Liven bigarren egunean
B. F. | EITB Media
2023/07/07
17:00etan hasi eta goizaldera arte, nazioarteko eta bertako musikariek girotuko dute Kobetamendi.
Lehenengo egunaren ajeak ez du jaia etengo. Pavement, The Blaze, Phoenix eta Jamie XXek jarriko diote doinua Bilbao BBK Liven bigarren egunari, beste hainbat artisten artean.
Bezperan baino eguraldi aurreikuspen okerragoarekin dator ostiraleko zita. Tenperatura altuak espero dira, baita euri zaparrak ere.
Basoa izango da bigarren eguna hasteko gunea. 17:00etan hasita, Daula, Dinamarca (19:30), Job Jobse (22:00), Sherelle (01:00) eta Ben Ufo (04:00) izango dira Kobetamendiko ohian elektronikoko protagonistak.
Nagusia oholtzan, ostera, Albany artista urbanoak irekiko du eguna, 18:25ean. Atzetik, Duki argentinarra (20:10), Pavement indie banda estatubatuarra (22:45) eta The Blaze bikoaren zuzeneko ikusgarria (01:35).
Bigarren oholtza nagusian, San Miguelen, Rüdiger euskal taldea izango da jotzen lehena, 17:40an. Gero, Morgan (19:15) eta Róisín Murphy (21:20). Gaua ixteko, eguneko plater nagusietako bat: Phoenix. Frantziar bandak 2000ko indiea berpiztuko du Kobetamendin, 00:10ean hasita. Bukatzeko, Jamie XXek beteko du San Miguel oholtza, 03:00etatik aurrera.
Dadabek irekiko du Beefeater guneko musika programazioa, 17:30ean. Jarraian, 19:15ean, Ben Yart iruindar artistak eskainiko du zuzenekoa, Ceros albuma aurkeztu berritan. Nanpa Básicok hartuko dio lekukoa, 21:35ean, Daniel Averyren aurretik (00:30). Ordu txikietarako, bi apustu sendo: La Éliteren punka (03:00) eta YOSEF b2b MAXVLL Madrilgo Antídoto Clubeko proposamena (04:10).
Txiki oholtzan, La Plazuela granadar taldearen eskutik entzungo ditugu eguneko lehen akordeak, 18:20an. Gero, Tinarwen (20:10), Baiuca (23:05) eta The Murder Capital (01:50).
Firestone karpan, Dudi madrildar raperoa izango da lehena, 17:30ean. Ondoren, Bilbao alemaniar laukotea (19:15) eta María Escarmiento madrildar bakarlaria (21:30).
Lasai gunean, Senda Fatal (19:00), 8KITOO (21:30), Malibu (23:30), Tenguerengue (01:00) eta Ourik (03:00) girotuko dute eguna.
Gaztea, Bilbao BBK Liven
Aurten ere, Kobetamendin izango da Gaztea. Egunero saio berezia egingo dute Maite Garmendia, Ibon Fernandez eta Alain Perezek, 20:30etik 21:30era.
Festibalean gertatzen den guztiaren berri behar bezala emateko, txoko berezia prestatu dugu. Iazko legez, San Miguel oholtzaren ondoan egongo da gure seta. Bertatik pasatuko dira jaialdian joko duten artistak eta gonbidatu bereziak. Gurera gerturatzeko aukerarik ez dutenek programaz zuzenean gozatzeko aukera izango dute, gure YouTubeko kanalean eta webgunean. Izan ere, saioa streaming bidez ikusteko parada izango da, baita irrati bidez entzuteko ere.
¿¿ BILBAO BBK LIVE ¿¿Aurten ere bertan izango gara, gertatzen den guztiaren berri ematekoName a better trio¿@alainperezhi @MaiteGarmen @ibonf https://t.co/QeuDXZDAhI pic.twitter.com/Xhb0p4L5Zr
— Gaztea (@gaztea) June 28, 2023