Itxi

Gaztea Sariak

Eire taldeak irabazi du artista berri onenaren Gaztea Saria

B. F. | EITB Media

2024/02/28

18:00etan ireki ditu ateak Euskalduna Bilbaoko Urban Hallek, sarien lehen egunera hurbildu diren artisten photocallarekin. Gero etorri dira sari banaketa eta Gorka Urbizuren kontzertu ahaztezina.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Janus Lesterrek eta IDOIAk eman diete hasiera paregabea 2024ko Gazta Sariei, "Su argitan" abestiaren zuzeneko emanaldi hunkigarriarekin.

Euren atzetik agertu dira, ezin distiratsuago, Ainhoa Vitoria eta Ibon Fernandez galako aurkezleak.

Sarrerak oso epe motzean agortu dituen publikoa eta etxean daudenak agurtuta, ekin diote euren egitekoari: 2024ko artista edo bakarlari berri onenaren saria banatzea.

Eire bikoak eraman du garaikurra, Gazteako erredakzioak hala erabakita. 2023an publikatu dute Zauriren bat bistan, euren estreinako EPa. Ordutik, Gazteako erredakzioan zein uhinetan ez da besterik entzun. Dudarik gabe, urteko aurkikuntza preziatuenetarikoa izan da Eireren musika.

Irribarretsu igo dira oholtzara Eire Maia eta Eire Salegi, Eire taldeko bi kideak, jasotako babesa eskertuz.

Eire, saria jasotzen. Argazkia: Peio Zamalloa | Gaztea

Agertokia utzi aurretik, Gaztea Sarien bigarren egunean zuzenean jotzeko proposamena bota die Ainhoa Vitoriak, eta bi aldiz pentsatu gabe eman dute baiezkoa. Beraz, Eire zuzenean entzuteko aukera izango dute ostegun honetan Euskaldunara gerturatzen direnek.

Janus Lester, Gaztea Sarietan. Argazkia: Peio Zamalloa | Gaztea

Eguneko saria banatuta, iritsi da gaueko bigarren mugarria. Banda izan da agertokira igotzen lehena, eta atzetik atera da Gorka Urbizu, txalo artean.

Hasiera bat diskoa aurkezteari ekin dio nafar musikariak, "Maitasun Bat" abestiarekin hasita. Diskoaren errepasoa egiteaz gain, aurreko urteetan bere parte izan diren proiektuez baliatu da artista.

Izan ere, Leihotikanen "Etorkizuna ginenean" (abesti onenaren Gaztea Sarirako izendatua), Katamaloren "Betazalak erauztean", Peiremans+en "Send Flowers" eta Berri Txarraken hainbat abestiren bertsioak kantatu ditu.

Lantalde osoari eskerrak emanda, Itoizen "Hegal egiten"en bertsioarekin eta disko berriko "Besterik ez" kantaren emanaldi hunkigarriarekin itxi du zuzenekoa.

Gorka Urbizu, Gaztea Sarietan. Argazkia: Peio Zamalloa | Gaztea