Itxi

Bilbao BBK Live

Bilbao BBK Liven galduko ez ditugun 10 zuzeneko

B. F. | EITB Media

2024/06/25

Jaialdirako hilabete baino gutxiago falta den honetan, Gazteako erredakzioan galduko ez ditugun zuzenekoen zerrenda osatu dugu. Fitxatu hemen galdu ezin dituzun artistak.

Sofia Kourtesis. Argazkia: Dan Medhurst

Uztailaren 11tik 13ra, Bilbao BBK Livek Bilbo hartuko du, nazioarteko eta bertako artistek osatutako kartel oparoarekin.

Gaztea ere bertan izango da, urteroko saio bereziaren bidez gertatzen ari den guztia zuzenean kontatzeko.

Lanaz gain, musikaz gozatzeko aukera ere izango dugu, eta galdu nahi ez ditugun hainbat artista eta banda aukeratu ditugu. Hona Gazteako esatarien gomendioak Bilbao BBK Liverako.

Shygirl

Lehenengo eguneko (Txiki oholtza, uztailak 11, 02:10ean) azken ordura arte itxaron beharko duzu Shygirl ikusteko, baina ez zaizu damutuko. Ibon Fernandezek eta Julen Idigorasek britainiar artistaren zuzenekoa ez galtzeko abisua eman digute.

Azken orduko albiste on bat izan da Shygirlen iragarpena eta club giroan murgiltzeko aukera aparta izango da, bi esatarien ustez.

Ralphie Choo

Gehien errepikatu den izena da Ralphie Choo artista madrildarrarena. Urteko fenomenoetako bat izan da eta jakin-min berezia dugu. Rosalíari gustatzen zaio, baita guri ere. Ostiralean (uztailak 12) ikusiko dugu, Beefeater karpan, 00:25ean.

Sofia Kourtesis

Doinu tropikalak eta housearen erritmoak uztartzen ditu Berlinen bizi den perutar artistak. Tartean, arbasoei erreferentziak, indigenen ahotsak eta quechua hizkuntza entzun daitezke bere abestietan.

Ainhoa Vitoriak Kourtesisi buruz jakin beharreko guztia kontatu zigun hemen, eta ez du galduko zuzenean ikusteko aukera.

Nerve Agent

Punka, hardcorea eta parranda on bat botatzeko behar den guztia, Albacetetik zuzenean. Hoferekin kaleratutako "Ya es tarde" zuzenean entzuteko esperantza du Andrea Aramburuk, jaialdiko azken egunean (uztailak 13), Beefeater oholtzan, 03:10ean.

Overmono

Galestar anaiak elektronikaren eszena astindu dute. Julen Idigorasen hitzetan, "zeresana duen bikoa da, eta posible da urte batzuk barru ikusteko aukera hain onik ez izatea". Beraz, apuntatu izena eta gerturatu San Miguel oholtzara uztailaren 12an, 02:50ean.

Jimena Amarillo

Duela bi aste plazaratu du valentziar bakarlariak "Sueño" izeneko azken singlea. Iraia Cambra "Gu"ko kidearen kutunen artean dago Jimena Amarillo, eta Beefeater oholtzara hurbilduko da ostegunean (uztailak 11), 21:55ean.

EZEZEZ

Euskal taldeen artean, galduko ez dugunen arteko zuzeneko bat izango da EZEZEZ bizkaitar bandarena. Asteburu honetan Naza Fest jaialdian izan dira eta ikusitako irudiek Kobetamendiko zitarako gogoa piztu digute.

Uztailaren 12an joko dute, San Miguel agertokian izango dira, 17:35ean.

Folamour

Elektronikaren zaleek gozatuko dute zuzenekoa, baita Andrea Aramburuk ere. Artista frantsesak. 2023an bere estudioko seigarren lana kaleratu du artistak eta Bartzelonako Sónar jaialdian ikusi dugu egunotan. Uztailaren 11n San Miguel agertokian ikusiko dugu, 03:35ean.

Jungle

Kontzertu bat baino gehiago festa bat izango da Jungle bandaren zuzenekoa. Hala aurreratu digu Ibon Fernandezek. Musika elektronikoa, R&Ba, soula eta funka ekarriko dute Kobetamendira, Londresetik zuzenean.

Nagusia oholtzan joko dute, larunbatean (uztailak 13), 22:35ean.

El Columpio Asesino

Taldearen ibilbidearen amaiera iragarri ostean, iruindar banda Euskal Herrian ikusteko azken aurreko aukera izango dugu Bilbao BBK Liven.

24 urteko ibilbidean, sei disko luze eta bi EP publikatu dituzte. Hainbat abesti gogoangarri utzi dituzten arren, "Toro" hitak Nagusia agertokia astinduko du larunbatean (uztailak 13), 20:15ean.