Itxi

Sariak

MTVren VMA sariak: Taylor Swiften errekorra, emakumezko pop izarren gau handian

B. F. | EITB Media

2024/09/12

Swiftek zazpi garaikur eraman ditu, eta Beyoncek zuen errekorra hautsi: VMA gehien eskuratu dituen emakumea da, 30 sarirekin.

Katy Perry, VMA sarietako galan

New Yorkeko UBS Arenak MTVren VMA sariak hartu ditu bart. Taylor Swift izan da gaueko protagonista, zituen 12 izendapenetatik 7 sari lortu baititu. Urteko bideorik onenarena, urteko artistarena eta udako kantarena, galako saririk garrantzitsuenak, eraman ditu estatubatuar artistak.

Bi errekor hautsi ditu Swiftek: VMA gehien irabazi dituen emakumea da (Beyoncek zuen 27 sariko langa igaro du, 30era iritsi baita) eta saririk garrantzitsuena (urteko bideorik onenarena) bost aldiz lortu duen lehen artista da.

Poparen divekin jarraituta, Chappell Roanek eraman du artista berri onenaren garaikurra eta Sabrina Carpenterrek, ostera, urteko abestiarena ("Espresso"). Anittak ("Mil veces" abestiarekin) kanta latino onenaren VMA irabazi du eta Dua Lipak koreografia onenarena ("Houdini"ren dantzari esker).

Bestela, Eminem eta Megan Thee Stallionek bina sari eraman dituzte; hip-hop kanta onenarena eta efektu berezi onenena Eminemek ("Houdini"), eta arte zuzendaritza onenarena ("BOA") eta trending bideorik onanarena ("Mamushi") Meganek. Azken horrek, gainera, sekulako ikuskizuna egin du, zuzenean.

Ohi bezala, zuzeneko emankizunek aho bete hortz utzi ditu mundu mailako ikus-entzuleak. Katy Perryk hegan egin du oholtza gainean, bere errepertorioko hiten bederatzi minutuko errepasoa eginez.

Chappel Roanek su eman dio eszenatokiari, "Good Luck Babe!" abesten zuen bitartean. Sabrina Carpenterrek, berriz, "Please Please Please", "Taste" eta "Espresso" abestu ditu oholtza gainean, azken hilabeteetan eskuratutako fandom erraldoiaren gozamenerako.