El Conquis
Azken orduak “El Conquis"era joango den Gazteako hautagaia bozkatzeko
Gaztea | EITB Media
2024/10/04
Neguan abiatuko du ETB2ko lehiaketak 21. edizioa. Aurretik, Gazteak proposatutako hiru hautagaien artean gustukoenaren aldeko botoa emateko aukera izango duzue.
Badator El Conquisen 21. edizioa, eta iritsi da lehiakideak ezagutzen hasteko unea. Castinga itxita, Gazteako ikus-entzuleek erabakiko duzue lehiaketan parte hartuko duen kideetako bat, gure webguneko bozketan.
Bertan ezagutuko dituzue Aratz, Leyre eta Xabier, aurtengo hiru hautagaiak. Gainera, "GU" saiora gonbidatuko ditugu, El Conquisen parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko.
Bozketak astebete iraungo du (urriaren 6ra arte), eta Gaztearen webgunean erregistratuta dagoen edonork izango du botoa emateko aukera.
Urriaren 7an jakinaraziko dugu bozketa nork irabazi duen, bai publikoari baita aukeratuari ere; zuzenean deituko diogu arratsaldeko saioan, 21. El Conquiseko lehiakide ofiziala dela iragartzeko.
Saioko bi jarraitzaile, abenturan
Nobedadez josita dator ETBko lehiaketaren hurrengo edizioa. Izan ere, saioko bi jarraitzailek saioaren grabaketara joateko aukera izango dute aurten.
El Conquisen webgunean izena eman, eta zozketa bidez aukeratuko dira bi irabazleak.
Gero, saioko lantalde teknikoarekin egun batzuk pasatzeko eta El Conquiseko jokoak probatzeko aukera izango dute.