Elkarrizketa
Berri Txarrak: "Barrutik irteten zaiguna egiten dugu, melodiak ez gaitu izutzen"
Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez elkarrizketatzeko aukera izan du bart Julen Idigoras 'B aldea' saioko aurkezleak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Berri Txarrak taldea buru-belarri dabil egunotan Infrasoinuak lan berria euskal hiriburuetan aurkezten. Atzo Donostiako FNACen izan ziren diskoa sinatzen eta zuzenean bospasei abesti jotzen, eta Gipuzkoako hiriburuan zeudela aprobetxatuz, Julen Idigorasek 'B aldea' saiora gonbidatu zuen hirukote nafarra.
Infrasoinuak proiektuko kantuak Coloradon (AEB) grabatu izanari buruz galdetu zien hasiera batean aipatu saioko aurkezleak. Txilen Denbora da Poligrafo Bakarra diskoa aurkezten ibili zirenean, Descendents taldearekin eman zituzten hainbat kontzertu, eta, dirudienez, horietako emanaldi baten ostean Bill Stevensonekin elkartu eta hark proposatu zien disko berria elkarlanean grabatzea.
David Gonzalezen esanetan, Stevensonen eta Jason Livermoreren lan egiteko duten modua berezia da; hots, patxada handiz hartzen dute lana, abestiak banaka grabatuz, adibidez. Taldekideen esanetan, Stevensonek badu bestelako berezitasunik ere, izan ere, taldearen laugarren partaide bilakatzen da grabazioetan. Hau da, egiten ari dena oso ondo barneratzen du, alegia, proiektuaren erraiteraino sartzen da. Gainera, bai berak eta baita Livermorek ere ekarpen onak egiten dizkiete abestiei.
Rock eta metal musika landu arren, melodiak atsegin dituen taldea dela ere oroitarazi zien atzoko elkarrizketan Idigorasek, eta Gorka Urbizu Berri Txarrakeko abeslariak azkar eta argi erantzun zion: "Barrutik irteten zaiguna egiten dugu, ez diogu melodiari beldurrik, are gehiago, Berri Txarraken bereizgarrietako bat dela esango nuke".
Abesti-bilduma berrian gehiago sakonduta, "Beude" kantuak agur kutsua duela iritzi zion Julen idigorasek, baina Urbizuk azpimarratu zuen abesti horren aldarria ez dela inolaz ere aipatutakoa: "Jaialdietatik kanpo geratzen diren aretoei omenaldi bat besterik ez da, ez du, ordea, nostalgia punturik".
Ildo horretan, Euskal Herritik kanpo harrapatzen dituzten jaialdiak eta kontzertuak gogora ekarrita, etxetik kanpo ateratzeko nahia duten taldeei aholkuren batzuk ematera ere ausartu ziren atzokoan. Galder Izagirrek ozen esan zuen ez dela ideia hori idealizatu behar: "Kanpora joatea ez da etxean egotea bezalakoa. Horregatik, garrantzitsua da behin erori ostean, altxatzen jakitea. Egiten duzun lanean sinesteak ere berebiziko inportantzia dauka. Laburbilduz, errepidea egiten eta gaizki pasatzen ikasi behar du atzerrira ateratzen den talde orok. Era berean, disfrutatzen ere jakin behar da", azaldu zuen.
Bukatzeko, Nantesen iaz bisitako anekdota (pertsona bakarraren aurrean eman zuten kontzertua) mintzagai izan ondoren, hizkuntza muga ote den argitu beharra izan zuten taldekideek beste behin ere: "Nazkagarria da behin eta berriro honi buruzko azalpenak eman behar izatea. Guk nahi dugun bakarra da Berri Txarrak taldea egindako kantuengatik eta emandako kontzertuengatik gogoratzea, eta horretan hizkuntza ez da muga izan behar", adierazi zuten.