Kargatzen...
Itxi

Musika

Rave kulturaren jaiotzatik heriotzara: identitate disidenteak, aldiriak, langile klasea eta gentrifikazioa

B. F. | Gaztea

Kattalin Barcena rave kulturaren sorkuntzaz eta bilakaeraz aritu da “B Aldea”n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Kattalin Barcenak ikasturteko lehen tartea egin du "B Aldea"n. Musika korronteen bueltan dauden testuinguru sozialak aztertuko ditu musikariak, hamabostean behin.

Estreinaldirako, rave kultura aukeratu du kolaboratzaileak. 80ko hamarkada amaierako Erresuma Batuko testuinguruan, identitate disidenteen arnasgune gisa sortu ziren rave izeneko jaiak.

Kolaboratzaileak azaldu digunez, hirien bazterretan (Londres eta Manchesterreko aldirietan) bizi zen jendea (langileak, gazte arrazializatuak, lgtbi komunitateko kideak…) nazioartetik zetorren elektronika kontsumitzen hasi zen.

Londreseko The Futureko rave jai bat, 1988an. Argazkia: Dave Swindells

Kanpotik zetorren korrontearekin bat egiteko legez kanpoko espazioez baliatzen hasi ziren, halabeharrez, kulturaz eta arteaz gozatzeko zuten espazio bakarrak baitziren.

Rave kultura kaletar eta kolektiboak garai hartan izandako garrantzia eztabaidaezina den arren, orduko testuingurua erromantizatzeko akatsean erori ohi garela azaldu du Kattalinek. Izan ere, askeak eta aberasgarriak izanagatik ere, garaiko raveek bazituzten espazioarekin eta testuinguruarekin lotutako hamaika problematika.

Beste edozein arte adierazpenekin gertatu den moduan, rave kulturak ere izan du ibilbide eta bilakaera propioa. Kolaboratzailearen esanetan, globalizazioak eta gentrifikazioak erabat zeharkatu du rave kultura, mota honetako jaien izaera jasangarria galbideratuz. Horrela, egun boladan dauden raveek gehiago dute jai kapitalistatik eta indibidualismotik iraganean zuten kutsu aldarrikatzailetik baino.

Mugimenduak izandako bilakaeraren bidaia laguntzeko soinu banda ekarri digu Barcenak, jaiotzatik hasi eta heriotzara arte. Shut Up and Danceren "Raving I'm Raving", Burialen "Archangel" eta The Prodidyren "Charly" entzun ditugu, besteak beste.

Audioak (1)