HAUTESKUNDE AUTONOMIKOAK
Maddalen Iriarte, EH Bilduren lehendakarigaia
EITB.EUS
Garbi utzi izan du beti independente modura batu zela EH Bilduren proiektura. Euskal Herriak "bere etorkizuna erabaki ahal izateko" dena emateko prest dagoela esan du.
Bigarren aldiz helduko dio lehendakarigai izateko erronkari Maddalen Iriarte Okiñenak (Donostia, 1963). Duela lau urte bezala, EH Bildu koalizioaren izenean aurkeztuko da apirilaren 5erako deituta dauden Eusko Legebiltzarrerako bozetara. 2016an egin zuen jauzi politikara, eta EH Bildu osatzen duten talde ezberdinen ahots bilakatu da azken urteotan. Koalizioaren eledun izan da azken legealdian Gasteizko Ganberan.
Arnaldo Otegiren hautagaitza atzera bota zuen Hauteskunde Batzordeak orain lau urteko hauteskundeetan, 'Bateragune' auzian ezarritako inhabilitazioagatik, eta horren ondoren, Iriarte aukeratu zuen EH Bilduk lehendakarigai izateko, Gipuzkoako zerrendako bigarrena.
Garbi utzi izan du beti independente modura batu zela EH Bilduren proiektura. "Ezker abertzalea EH Bilduko pieza bat da, eta EH Bilduk ez du ezker abertzalea bakarrik ordezkatzen. Ni EH Bilduko ordezkaria naiz", esan zuen bere aurkezpenean.
Familia abertzale batean hazitakoa, kartzelan ezagutu zuen aita, eta Frankoren diktaduraren errepresioa etxean ezagutu zuela aitortu arren, harro esaten du gorrotorik gabeko bizikidetzaren aldeko balioetan hezitakoa dela.
Zuzenbide ikasketak hasi zituen EHUn, baina, politikan murgildu aurretik, ETBn garatu zuen bere ibilbide profesionala kazetari modura, beti euskaraz. Euskal Telebistako aurpegi ezagunenetakoa izan da 30 urte baino gehiagotan, eta prentsa idatzian ere aritu izan da kolaboratzaile. Besteak beste, Gara, Noticias de Gipuzkoa, Berria edota Deia egunkarietan.
Lanean nekaezina eta izaera handikoa dela diote ezagutzen dutenek, parean jarritako helburuaren alde dena ematen duen horietakoa. Euskal Herriak "bere etorkizuna erabaki ahal izateko" dena emateko prest dagoela esan zuen datozen hauteskundeetarako bere hautagaitza aurkeztu zuten ekitaldian.
Erabakitzeko eskubidea, euskara eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna dira bere diskurtsoaren ardatz nagusiak. Kataluniak abiatutako independentziaren aldeko ibilbidea Euskal Herrira ekartzearen alde agertu da.
Euskarazko komunikazioan egindako lanagatik, bi aldiz jaso du Argia saria (1990 eta 2013), eta Berdintasunaren Emakunde saria ere eman zioten 1993an.
Kameren aurrean eskarmentu handia badu ere, itxituraren beste aldera ohitzea kostatu egin zaiola aitortu izan du. Ez du baztertzen kazetaritzara itzultzea, baina argi dauka, izatekotan, kameren atzeko lanetara bueltatuko litzatekeela.
Denbora librea duenean, kirola egitea eta irakurtzea gustatzen zaizkio. Haurtzaroa eta gaztaroa Donostian igaro bazituen ere, egun Durangon du bizilekua, eta bost semeren ama da.