Itxi

Inbestidura saioa

Iñigo Urkullu, lehendakari

Erredakzioa

EAJren babesarekin lortu du izendapena. Urkulluk akordioak lortzeko "esfortzuak" egin ditzaten eskatu die gainerako taldeei.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu jeltzalea izendatu du ostegun honetan lehendakari, gehiengo sinpleaz, EAJren 27 legebiltzarkideek alde bozkatuta.

Hori horrela, Urkulluk bigarren bozketan lortu du izendapena. Asteazken honetan, jeltzaleak eta Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak ez zuten gehiengo osoa lortu, eta, beraz, berriz bozkatu dute biharamunean. Oraingoan, gehiengo sinplea nahikoa zen. 

Bozketaren ostean, lehendakariak hitza hartu du, eta akordioak lortzeko ahaleginak egitea eskatu die gainerako talde parlamentarioei, autogobernua sakontzeko bakea errotzeko eta "justicia soziala" bermatzeko. 

Hitzaldi labur batean, Urkulluk berretsi egin du atzo, inbestidura saioko lehen egunean, emandako mezua: akordioak lortzeko beharra.

Halaber, hasi berri den legegintzaldi hau "bakearena eta bizikidetzarena" izatea espero duela adierazi du. "Oinarriak jarrita daude; orain, denok esfortzua egin behar dugu horietan sakontzeko", gaineratu du.

Akordioak lortzeko helburuan, Urkulluk "onena" emango duela promestu du, eta politikariek herritarrei "zerbitzu eman" behar dietela gogorarazi du.

Bitxikeri gisa, saioa ordu laurden berandu hasi da. Izan ere, Bizkaitik joan diren hainbat legebiltzarkidek, tartean Laura Mintegik, zirkulazio arazoak izan dituzte, A-8 autobidean jazotako istripu bat dela medio.

Gainera, Urkulluri bozkatzen hastea egokitu zaio, zoriz, eta gainerako legebiltzarkideek barre egin dute.

Taldeen adierazpenak

Joseba Egibar EAJren bozeramailearen esanetan, alderdi jeltzaleari dagokio akordioak lortzen saiatzea, ekimenak eta proposamenak aurrera atera ahal izateko. "Saiatu egingo gara akordioak lortzen", esan du.

Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailea negoziatzeko eta akordioak lortzeko prest agertu da, baina hori "edukiaren araberakoa" izango dela ohartarazi du: "Ikusi egin beharko da olakoa den proposamena, eta, horren arabera, akordioak lortzeko aukera egongo da edo ez da egongo".

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak "zortea" opa dio Urkulluri, horren kudeaketa "arrakastatsua eta euskal herritarrentzat positiboa izan dadin", eta Eusko Jaurlaritzan sartzeko helburuz, euren buruak "saldu izana" egotzi die sozialistei.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea "laguntzeko" prest azaldu da, betiere "herritarrak erreskatatzeko eta krisitik ateratzeko", eta "plan subiranistak ahazteko" eskatu dio lehendakariari.

PSE-EEk ez du agerraldirik egin.

Karguaren zina eta Jaurlaritza berriaren osaketa

Orain, Bakartxo Tejeriak lehendakariaren izendapena jakinarazi beharko dio Juan Carlos I.a Espainiako erregeari. Dena dela, gutun baten bidez egin beharko du, hots, ekitaldi berezirik egin gabe, duela gutxi ebakuntza egin baitzioten estatuburuari.

Urkulluk larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako Juntetxean. Hain zuzen ere, Gernikako Arbolaren aurrean egingo du, eta lehendakari jeltzale guztiek erabilitako formula erabiliko du, baina aldaketa batzuekin.

Asteburu honetan, lehendakariak Eusko Jaurlaritza berria nortzuek osatuko duten ere iragarri du. "Inoizko Jaurlaritzarik murriztuena" izango dela aurreratu zuen atzo, eta, antza denez, Sail kopurua 10etik 8ra jaitsiko da.

Sailburuek astelehenean egingo dute karguaren zina, eta hurrengo egunean, asteartean, lehen aldiz batzartuko da Jaurlaritza berria.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (3)