Itxi

Agerraldi publikoa

Urkulluk irailaren 25era aurreratu ditu hauteskundeak

eitb.eus

Lehendakariak esan du hiru direla erabakia hartzeko arrazoi nagusiak: Espainiaren egoera ezegonkorra, Jaurlaritzaren programa bete izana, eta Eusko Legebiltzarraren jarduerak amaitu direla.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du 2016ko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak irailaren 25era aurreratuko dituela. Lehendakariak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio erabakia lehenik, eta gero agerraldia egin du hedabideen aurrean, Lehendakaritzan.

Lehendakariak esan du irailaren 25a dela data "egokiena herriaren interesentzat", "Espainiako testuinguru politikoaren ezegonkortasuna" ikusita eta Jaurlaritzaren programa bete ostean.

Lehendakariak espero du Espainiako Estatua Gobernua osatzeko gai izatea, hauteskundeak berriro errepikatzea iradokitzea ere "onartezin" jotzen duelako, eta egoera horrek EAEri "ahal den gutxien" eragin diezaion.

Lehendakaritzan egindako agerraldian, Urkulluk berretsi du "asko pentsatutakoa" eta "gogoeta sakon eta partekatuaren ondorio" dela erabakia.

Horren harira, hiru izan omen dira arrazoi "nagusiak": "Espainiako testuinguru politiko ezegonkorra", Jaurlaritzak bere programa bete izana, eta Eusko Legebiltzarraren jarduera amaitu dela.

Bi alderdi, lehendakarigai gabe

Hauteskunde aurrerapenak lehendakarigai gabe harrapatu ditu Podemos eta PP. EAEn babes handiena duten hiru alderdiek, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, aspaldi aukeratu zituzten hautagaiak: Iñigo Urkullu, Arnaldo Otegi eta Idoia Mendia, hurrenez hurren.

Lehendakarigairik ez duten alderdien artean, Podemosek nahikoa aurreratua du prozesua, gaur hasi eta igandea arte barne hauteskundeak egiten ari baitira. Pili Zabala da lehendakarigai izateko aukera gehien duena, zuzendaritzak proposatutakoa baita. Dena den, Juan Luis Uria medikua eta Ruben Belandia Leioako zinegotzia ere aurkeztu dira. Abuztuaren 1ean, astelehenean, jakingo da ofizialki nor izango den Podemos Euskadiren hautagaia.

PPk ez du oraindik erabaki nor izango den hautagaia EAEko hauteskundeetan; izan ere, oraindik ez dakite Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izango den, eta Alfonso Alonsok ministro karguan jarraituko ote duen. Alderdiko iturrietatik azaldu dutenez, irailean hasi behar zuten lehendakarigaia aukeratzeko prozesua, baina abuztuaren hasierara aurreratuko dute.

10 hauteskunde eta 5 lehendakari

Gaur deitutako hauteskundeak 11.ak izango dira Euskadin, demokrazia berriz ezarri zenetik, eta horietan bost lehendakari hautatu dituzte.

Carlos Garaikoetxea (1980-1984), Jose Antonio Ardanza (1985-1998), Juan Jose Ibarretxe (1998-2009), Patxi Lopez (2009-2012) eta Iñigo Urkullu (2012tik) izan dira bost lehendakariak.

Demokrazia baino lehen, Jose Antonio Agirre izan zen lehen lehendakaria. 1935eko urrian hartu zuen kargua, Espainiako Gerra Zibila hasi eta hiru hilabetera. Haren ostean, Jesus Maria Leizaolak hartu zuen lekukoa, erbestean, 1960tik 1978ra.

1960tik 1978ra.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)