DOKUMENTAZIOA
1.778.776 pertsonak izango dute boto eskubidea irailaren 25eko bozetan
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak hauteskundeak.eus webgunea jarri du martxan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin lotutako informazioa erabiltzaileen eskura jarriz.
1.778.776 pertsonak izango dute boto eskubidea irailaren 25ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Duela lau urteko bozekin alderatuta hauteskunde errolda igo egin da; izan ere, duela lau urte 1.775.750 hautesle zeuden.
Nabarmen igo da baita ere atzerrian bizi arren botoa emateko eskubidea izango duten euskal herritarren kopurua; izan ere, 56.140tik 68.878ra igo da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak www.hauteskundeak.eus webgunea abiarazi du, irailaren 25eko hauteskundeei buruzko informazio osoa erabiltzaileen eskura jarriz.
Esaterako, hauteskunde prozesuaren egutegia, bozkatzeko prozedurari eta posta bidezko botoari buruzko argibideak, hautesleentzako gidak, hauteskunde mahaiak osatuko dituztenentzako gidak eta inprimaki elektronikoak topatu ahal izango dituzte erabiltzaileek webgune horretan.
Posta bidezko botoa eman nahi dutenek gaurtik (asteartea) irailaren 15era bitartean egin ahal izango dute eskaria. Atzerrian bizi eta bozkatu nahi duten euskal herritarrek, berriz, abuztuaren 2tik 27ra bitarte eskatu ahal izango dute bozkatzeko eskubidea. Halaber, braille sistemaren bidez bozkatzea eskatu nahi dutenentzat ere gaur hasten da epea.
Abuztuaren 8tik aurrera hauteskunde-errolda jendaurrean jarriko da udaletxeetan eta kontsuletxeetan, eta balizko erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da. Egun berean, hauteskunde mahaietako atalak, hauteslekuak eta hauteskunde mahaiak argitaratuko dira hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan.
Abuztuaren 27tik 31ra bitartean, hauteskunde mahaiak eratuko dituzten herritarrak hautatzeko zozketak egingo dira. Irailaren 1etik 3ra bitartean izendapenak jakinaraziko dira eta eskuliburuak banatuko zaizkie aukeratuei.
Hauteskunde kanpaina irailaren 9an hasiko eta irailaren 23an amaituko da, egun hori delako irailaren 25eko bozketen aurreko gogoeta egiteko egunaren bezpera. Mahaiak goizeko bederatzietan zabalduko dira eta arratsaldeko zortzietan itxi.
Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek zenbaketa orokorra egingo dute irailaren 30etik urriaren 3ra bitartean, eta kargu hautetsiak urriaren 8tik 13ra bitartean izendatzea aurreikusita dago. Helegiteak aurkezteko epe guztiak amaitu eta gero, emaitzak behin betiko argitaratuko dira EHAAn urriaren 15etik 20ra bitartean. Legebiltzarra osatzen denean, azaroaren erdialdean edo, ofizialki hasiko da Legebiltzarraren hamaikagarren legegintzaldia.
aldia.