Irailak 25
Otegik esan du ezerk ez diola galaraziko lehendakarigai izatea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduren lehendakarigaiak esan du ez dagoela ez epaitegirik, ez Estaturik, ezta Armadarik hautagai izatea galaraziko dionik. Gainera, EH Bilduk erabakiarekin azkeneraino egingo duela azpimarratu du
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaiak gaur adierazi du bera koalizioaren hautagaia izatea "modu burujabean" hartutako erabakia izan dela eta esan du ez dagoela ez epaitegirik, ez Estaturik, ez Guardia Zibilik ezta Armadarik irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lehendakarigai izatea galaraziko dionik.
Doris Benegas abokatu, politikari eta aktibistari azken agurra egin diote gaur Donostiako Polloe hilerrian, haren familiaren panteoian lur eman aurretik. Benegasen senide, Luis Ocampo mutil-laguna edota Miguel Castells abokatuaz gain, Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia ere agurreko ekitaldian izan da.
Balizko inhabilitazioaz galdetuta, Otegik azpimarratu du "tamalez ezker independentista betoetara eta errepresiora ohituta" dagoela. Ildo horretan, gogoratu du Doris Benegas eta Alfonso Sastre bere baitan zituen Iniziatiba Internazionalista "koalizio handiarekin" ere antzerako zerbait gertatu zela, baina azkenean ez zutela lortu.
"Ezker soberanistak erabaki du ni izango naizela datozen hauteskundeetarako EH Bilduren lehendakarigaia. Erabaki hori hemen eta modu burujabean hartu dugu eta azken muturreraino joko dugu erabakiarekin", azpimarratu du. Ildo horretan, Otegik ziurtatu du ez dela egongo "ez auzitegirik, ez Estaturik, ez Guardia Zibilik, ezta Espainiako Armadarik" hori eragotziko duenik.
Azken agurra Doris Benegasi
Otegik Doris Benegas goraipatu du, haren esanetan, herri honetako politikagintzari ekarpen handia egin diolako militante iraultzaile eta feminista gisa. Gainera, Otegik "plano pertsonalean" eskertu nahi izan dio espetxean egon izan denean berari eta haren familiari emandako babesagatik eta "plano politikoan", ostera, Inizitiatiba Internazionalista "ekimen handi" horregatik. Otegik azpimarratu duenez, Inizitiatiba Internazionalistarekin "gol" bat sartu zioten PSOEren gobernuari.
"Gaur Doris Benegasi eskerrak ematera eta bere printzipioekin eta baloreekin euskal estatua lortu arte borrokan jarraituko dugula esatera gatoz", gaineratu du.