Hautagaiak
Otegi 'erabat lasai', 'arrazoi juridikoak' alde baititu
Agentziak | Erredakzioa
Elena Beloki preso ohia zerrendetan sartzeko erabakiaren atzean ez dagoela inolako probokazio saiakerarik gaineratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaiak Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak bere hautagaitzaren gainean abuztuaren 23an hartu behar duen erabakiaren aurrean “erabat lasai” dagoela esan du, “arrazoi juridikoak” alde baititu kargu publikoa izateko gaitasunik gabe utz ez dezaten. Gainera, Elena Beloki kartzelatik irten eta egun gutxitara Gipuzkoako zerrendako azken postuan jartzeko erabakiaren atzean “ez dago probokatzeko asmorik”, horren esanetan.
Otegik Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuarekin eta Laura Mintegi lurralde horretako zerrendako kidearekin bildu eta gero esan duenez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak kargu publikoa izateko aukera kentzeko eskaria egin ondoren horren inguruan sortutako eztabaida ez da interesgarria, eta “politikoa” da, juridikoa baino gehiago.
Halaber, “zinez adierazgarria” iruditzen zaio Otegiri Rafael Catala Justizia ministroak bera zerrendetan egongo ez dela “aurreratu” izana.
“Arrazoi juridikoa alde dugula badakit. Erabat. Zuzenbideko lehen mailako kontua da hori”, esan du, inhabilitazioa dela-eta bere inguruan eztabaida eraikitzeko nolabaiteko interesa dagoela eta hainbat politikari gai horren inguruan ika-mikan dabiltzala salatu aurretik.
Eztabaida lehendakariarekin
EH Bilduko buruzagiak bere balizko inhabilitazioa eztabaida politikoaren ardatz ez izatea eskatu du, eta benetan nahi duena Iñigo Urkullu lehendakariarekin “euskal herritarrok Espainiaren mendeko izateak duen kostuaz” eztabaidatzea dela esan du.
Herrialdeak eztabaida “gutxiengo maila intelektual batean kokatzea” behar duela ere adierazi du Otegik, eta “etorkizunerako proiektuez” eztabaidatu nahi duela.
Beloki hautatzea ez da “probokazioa”
Kartzelatik irten eta egun batzuetara Elena Beloki EH Bilduren Gipuzkoako zerrenda ixteko aukeratu izanaren inguruan galdetuta, “horren atzean ez dago inolako probokazio saiakerarik”, erantzun du, eta “herrialde honetan gauza batzuk naturaltasun eta normaltasun jakin batez egiten ditugu", erantsi du.
Beloki “talde armatuko kide izateagatik zigortu zuten, ni neu bezala”, 18/98 sumarioan, eta “elkartasun handi eta sakona jaso baitzuen herrialde honetan”.
“Auzitegi Nazionalaren epaiak ontzat ematen baditugu, orduan benetako arazo bat dugu”, baieztatu du, eta hau gehitu du: “Denok dakigu hemen Auzitegi Nazionala independentismoa kriminalizatzeko erabili dela, eta, hortaz, ez dago ezer arrarorik kartzelatik irteten diren pertsona batzuk zerrenda batzuetan sartzen direnean”.
“PPk arazo handia izango zuen, bestela, zerrendak egiteko, ustelkeria maila dela eta”, gaineratu du.
, gaineratu du.